Urritik urte amaierara bitarteko egitarau zabala prestatu dute Arrasateko Amaia antzokirako. Herriko taldeen presentzia, dantzari arreta eta musikaren pisua azpimarratu dute kultura teknikariek, egitaraua aurkezteko egindako prentsaurrekoan.
Herriko taldeen presentzia
Egitarau horren lehenengo ezaugarria herriko taldeek emanaldietan izango duten pisua izango da. Herriko taldeen emanaldi hauek egongo dira zehazki: Ozenki taldearen El barbero de Sevilla opera, Doke taldearen Aingeru ala kurriloi? antzerkia, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren La del soto del parral zarzuela, eta urtea amaitzeko egingo den Arrasate Musikaleko bandaren kontzertua.
Dantzak arreta berezia
Egitarauaren bigarren ezaugarri bezala, dantza azpimarratu du Garaiek. Zapatu honetan bertan dantza garaikidea ikusi ahal izango den Tormenta ikuskizuna izango da. Eta aurrerago, azaroaren 12an, Vuelos dantza ikuskizuna izango da, familia osoarekin batera disfrutatzeko.
Antzerkia
Antzerkiari dagokionez, tartean, Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak parte hartuko duen Mami Lebrun ikuskizuna eskainiko da urriaren 30ean euskaraz eta Moby Dick haur antzerkia ere izango da abenduaren 3an.
Musika
Eta musika ardatz hartuta ere hainbat emanaldi egongo dira: urteroko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa egingo da abenduaren 8tik 11ra bitartean eta Benito Lertxundiren kontzertua ere izango da abenduaren 23an, rockak ere izango du bere lekua beste bi kontzertutan. Sarrerak dagoeneko salgai daude.