Sektore eolikoan erreferentziazko bazkide teknologiko gisa kokatu da IK4-Ikerlan zentroa

Leire Kortabarria 2016ko ira. 28a, 16:56
Ikerlaneko ingeniariak.

Arrasateko IK4-Ikerlan zentro teknologikoak offshore aerosorgailuetarako sistema berritzaile bat garatu du General Electric-erako, eta sektore eolikoan erreferentziazko bazkide teknologiko gisa kokatu du bere burua.

Nazioarteko liderrentzat ez ezik, euskal enpresa nagusientzat ere garatzen du teknologia Ikerlanek.

Ikerlanek bere pitch sistema garatu du Alstom Windentzat, hau da, gaur egungo General Electric-entzat, zeina sorgailu eoliko baten errotorearen palen angelua erregulatzeaz arduratuko baita. Pitch sistemarekin batera, bere diseinurako eta dimentsionamendurako beharrezkoak diren tresnak ere garatu ditu. Berrikuntza Danimarkako Unibertsitate Teknikoaren instalazioetan probatu da, eta Ipar Amerikako multinazionalaren offshore aerosorgailuetan instalatzeko egin da.

EAEn dauden sektoreko enpresetan ere ikusten da zelako gaitasuna duen enpresei berrikuntzak eskaintzeko. Hain justu, Ikerlanek Laulagun Bearingsekin elkarlanean dihardu errodamenduen monitorizazio adimenduneko sistemak garatzen, eta Ingeteamekin ere elkarlanean aritu da bihurgailu batendako kontrol gaietan.

Euskadi, energiarekiko mendekoa

Ikerlanek honako hau dio: “Energiarekiko mendekotasuna gero eta handiagoa duen gizarte honetan, eguzki energiak eta energia eolikoak funtsezko zeregina dute energiaren sorkuntza iraunkorrerantz aurrera egiteko. Energia bi horiek izango dira abiapuntutzat erabiliko ditugun bi energi iturri nagusiak igorpen kutsatzaileak minimizatuko dituzten energia garbien eskaerari erantzuteko. EAEko industriak presentzia handia du sektore horietako batean, hau da, energia eolikoaren sektorean, eta merkatuan erreferentziazkoak diren enpresak daude, hala nola Gamesa edo Iberdrola; halaber, osagaien zein balio kate osoko sistemen hornitzaileak ere ugari dira. Sektoreko enpresek badakite, datozen urteetan heldu beharreko erronkei modu lehiakorrean erantzuteko, beharrezkoa dela elkarrekin lan egitea, efikaziarik handienarekin jardunez eta produktu eta prozesuei abangoardiako berrikuntzak gehituz”.

Horrela ulertu du Eusko Jaurlaritzak ere, zeina, Energiaren Klusterrarekin batera, hainbat egitasmo gidatzen ari baita sektoreko enpresen lankidetza eta berrikuntza sustatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak