Jarraian, oharra osorik:
"Lerro hauen bitartez Arrasateko EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkiegu EAEko azken hauteskunde hauetan EH Bildurengan konfiantza izan duten eta babesa eman dioten arrasatear guztiei.
Azken urteotako hauteskundeetan izandako atzera pausuekin alderatuz, etorkizuna beste begi batzuekin ikusteko parada ematen dute emaitza hauek. Eta emaitzak emaitza, orainari eta etorkizunari begiratzea dagokigu, ezkertiar eta independentistok herri honentzako eta bere herritarrentzat lanean jarraituko dugulako. Orain arte gaizki nahiz ongi egindakoetatik ikasiz eta herritarrei entzunez herri egiten jarraituko dugu, librea eta justua izango den herria merezi dugulako.
Honetarako baina, hauteskundeetako emaitzak ez dira nahikoak, ezta helmuga ere, eta horregatik, gaurtik aurrera ere lanean jarraituko dugu denon herria lortzeko asmoz. Kanpaina honetan egin bezala, elkarlanean arituko gara, herritik eta herrirako, arrasatearrak ezinbesteko aktibo eta helburu izango direlarik.
Bukatzeko nola ez, kanpaina honetan lanean aritu zareten herritarrei eskerrak eman nahi dizkizuegu: sare sozialak astindu dituen ekipoari, Arrasateko kaleak megafoniarekin alaitu dituzten auto gidariei; pankarta,panel, mural, kartel eta euskarri ezberdinekin sormena lantzen eta herriratzen aritu zaretenoi; ekitaldi eta hitzaldietan hizlari, musikari, bertsolari, sukaldari nahiz entzule fidel izan zaretenoi, igandeko ezinbesteko 120 apoderatuei; eta batez ere, EH Bilduren mezua eta proiektua ahoz aho hedatu duzuen gizon-emakumeoi".