Bizilagun baten abisua jaso ostean bertaratu ziren Ertzaintzako agenteak Arrasateko Santa Teresa eta Elkano kaleetara. Segurtasun Saileko Prentsa Zerbitzuaren arabera, agenteek 51 urteko gizon bat identifikatu zuten bizikletak garaje batetik ateratzen. Gizonak agenteei esan zien bizikletak mugitzen ari zela lekua egitearren eta bere semearenak zirela. Gutxira agertu zen 22 urteko bere semea eta hark onartu zuen bizikletak beste pertsona batek lapurtu eta gorde bakarrik egiten zituela.
Lapurreta onartu
Agenteek garajea miatu eta bizikleten hainbat pieza desmuntatuta, kutxa gotor bat, golf makila batzuk eta lapurretak egiteko hainbat erreminta aurkitu zituzten, besteak beste. Udaltzaingoak abisatuta, bi gazte hurbildu ziren eta golf makilak eta kutxa gotorra eurenak zirela eta horien zein telebista batzuen lapurreta salatu zutela. Orduan 22 urteko gaztea atxilotu zuten agenteek, ustez indarrez egindako lapurreta bat egotzita. Akusatuak lapurreten egiletza onartu eta telebistak banatu zituela adierazi zuen.
Aita ere atxilotuta
Miaketan, agenteak konturatu ziren atxilotutako gaztearen aitak motxila bat gordeta zuela garajean. Bada, motxila horretan arma bat topatu zuten agenteek, 58 kartutxorekin batera. Identifikatuak 2017ra arte armak erabiltzeko debekua ezarrita zuela ikusi ostean, agenteek hura ere atxilotu zuten, armak legez kontra edukitzea egotzita.
Ikerketak zabalik jarraitzen du eta errekuperatutako material guztia analizatzen dihardute. Bi atxilotuak datozen orduetan pasatuko dira epailearen aurretik.