Aurten urriaren 7a Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jai eguna izango dela aprobetxatuta, goizeko jai giroa indartzen saiatu da Komisiñua: "Ohi baino ekintza gehiago egongo dira erdiguneko kaleetan. 40. urteurrenari keinu egiteko, gainera, ertzak zorroztu dizkiogu aurten Maritxuri, eta eskapulaixo karratuak eramango ditugu soinean, hasierako urteak gogoan". Eskapularioak salgai daude dagoeneko. Komisiñoko kideek diotenez, heldu da armarioak zabaldu, hautsa kendu eta atera beharrekoak ateratzeko ordua.
Nobenaixua, irailaren 30ean
Urtero moduan, egun handiaren aurreko egubakoitzean, irailak 30, Nobenaixua ospatuko dute Maritxu azpian (18:30). Arrasateko Trikitixa Eskola omenduko dute, aurten 25 urte betetzen dituela-eta: "Herrian egin duten eta egiten duten lan guztiarengatik jasoko dute inbutu preziatua". Ikasleek trikiti eta panderoak astinduko dituzte Maritxupean, eta, urteroko ohiturari jarraituz, "primerako" ardoa eta gazta probatzeko aukera egongo da.