Eguraldi ona lagun, herritar askok egin dute bat Zuztarrak Errotuz elkarteak, herriko beste hainbat elkarterekin batera, antolatutako jaian. Bi txandatan egin dute parkerako igoera. Lehenengo taldea goizeko 11:00etan abiatu da Arotz plazatik; hogei lagun inguruk egin dute Ane Garai arrasatearraren azalpenak entzunaz ibilbide didaktikoa. Gora iritsi direnean, dokean eta bestelako jolasetan ibili dira, gero. Eguerdiko 12:30ean abiatu da Herriko Plazatik bigarren txanda; txistularien eta danborreroen doinuen erritmoan egin dute horiek gorako bidea.
Bazkaldu ondoren, kantuan eta dantzan
Bigarren txanda Goikobalura heldu orduko zain zituzten, txalapartariak, irrintzilaria eta bertsolariak harrera egiteko. Horien ostean egin dute albokariak eta txistulariek emanalditxoa. Ordurako askok mahaietan lekua hartuta zuten, eta bazkaltzen edo zerbait pikatzen hasita zeuden; beste batzuk, Ekinekoek egindako taloak dastatzen ari ziren parkean jarrita dauden informazio panelak -Goikobaluren historiari buruzkoak eta parkeko zuhaitzen gainekoak- irakurtzen zituzten bitartean.
Arratsalderako asmoak, berriz honako horiek: Patxi Monterok gidatutako dantza saioa, AEDk antolatutako sokatira txapelketa, eta Eneritz, Leire eta Jontxuren eskutik dantzaldia (17:15).
Garai bateko ohiturak berreskuratuz, bada, egun pasa ederra gaur Arrasaten.