EAEn erakutsitako indarraren adierazle, EAJ izan zen nagusi Arrasaten ere. Arrasateko Uri Buru Batzarra "oso pozik" dago jasotako babesarekin: "Boto kopuruen analisietan sartu barik, ziurra da 2011z geroztik gero eta arrasatear gehiagok eman diotela konfiantza EAJri. Joera horrek gure proiektua sendotzen du eta horrek, beste parametro batzuekin batera, herri honek duen erabakitzeko eskubidearen gauzatzea geldiezina dela adierazten du. Lortuko dugu; esfortzuarekin, konstantziarekin, perspektibarekin, eta izualdi zein muturreko postura barik. Arrasatearrei esker on sentituena adierazi nahi diegu; Udaleko zein Mankomunitateko gure ordezkariek lanean jarraituko dute herritarren ongizaterako".
EH Bildu bigarren indarra
Bigarren indarra izan zen EH Bildu: "Azken hauteskundeetako atzera pausuekin alderatuz, etorkizuna beste begi batzuekin ikusteko aukera ematen dute emaitza hauek. Orainari eta etorkizunari begiratzea dagokigu, ezkertiar eta independentistok herri honentzako lanean jarraituko dugulako. Gaizki eta ongi egindakoetatik ikasten eta herritarrei entzuten herri egiten jarraituko dugu, librea eta justua izango den herrirako. Elkarlanean arituko gara, herritik eta herrirako, arrasatearrak ezinbesteko aktibo eta helburu izanik".
Elkarrekin Podemos, "pozik"
Espainiako hauteskundeetan Arrasateko aukerarik bozkatuena izan ostean, hirugarren indarra izatera pasatu da Elkarrekin Podemos: "Pozik gaude arrasatearren erantzunarekin. Aurreko bi hauteskundeetan izandako emaitzak ez ditugu errepikatu, baina jakina da erkidego mailan beste ardatz batzuk hartzen direla kontutan. Emaitzok lana zintzotasunez egiteko borondatea sendotzen digute. Erronka handia dugu aurretik eta proiektu soziala, feminista eta ekologista ereiten jarraituko dugu".
PSE-EEk nabarmen behera
Arrasaten beheraka handiena izan duen alderdia izan da PSE-EE: "Boto asko galdu ditugu. Podemos min egin egiten ari da bai guri eta baita beste alderdi batzuei ere. Ez dira izan nahiko genituzkeen emaitzak, baina ez dira izan hainbat inkestek aurreikusten zuten bezain txarrak. Itxaropenarekin, herritarren alde jarraituko dugu lanean, horretarako gaude-eta".