Kromo paketeak salgai egongo dira honako saltoki hauetan: Arrasaten, Musakola auzoko estankoan, Ion eta Tiburon estankoetan, Irri Barri, Kukurutxo, Gozotegi, Sumendi eta Estrella zein Julivert tabernetan; Aretxabaletan, berriz, Arkupe eta Urkulu gozoki-dendetan. Albuma doan eskuratu ahalko da, eta pakete bakoitzak euro bakarreko prezioa izango du, bertan 6 edo 7 kromorekin pakete bakoitza.
Gurasoen ekarpena
Zenbait jokalarien gurasoen artean sortutako ideia da honako hau, aitzindaria Gipuzkoako saskibaloi taldeen artean –badago kasu bat Lurraldeko futbol talde batean- eta klub zuri-moreko Zuzendaritza Batzordearen oniritzia izan duena. Argazkiak egin eta maketazio lanen ardura Galiziako enpresa batena izango da; iraila amaieran etorriko dira Arrasatera argazki saioak egitera eta, azken orduko ezustekorik ezean, urte amaierarako material guztia saltzeko gertu egotea aurreikusten dute.
Eskerrak babeslei
Ointxe! Saskibaloi Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie ekimena babestu duten guztiei, "egitasmo honi babesa eta hauspoa emateagatik". 2017an beteko du mende erdi Ointxek: klub zuri-moreak 1968. urtean jokatu zuen lehen partidu ofiziala, eta gaur egun 22 talde ditu kategoria ezberdinetan banatuta, eta familia zuri-morea 260 jokalarik osatzen dute.