Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko arduradun Oscar Garciak eman du sinatutako planaren berri, ohar bidez: "Arrasateko historiako aurrekontu handieneko asfaltatze plana da, udalerriko zolaketan transformazio handia eragingo duena". Lanon helburuak dira errepideko zuloak eta bestelako hondatzeak osatzea eta konpontzea, "interes berezia" jarrita dentsitate handieneko kaleetan. Lanek hilabete iraungo duela espero dute, betiere eguraldiak laguntzen badu.
Bi fasetan
Lan bolumen handia denez eta bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, bi fasetan egingo dira lanak. Lehen fasean honako kale hauetan egingo dira lanak: Nafarroa etorbidea, Araba etorbidea, San Andres, Maiatzaren Lehena Plazako biribilgunea, Elkano kalea, Santa Teresa kalea, J.M. Eguren Plaza, Jose Luis Iñarra kalea eta Gipuzkoa etorbidea. Lehen fase horren aurrekontua da 153.000 eurokoa.
Bigarren fasean Markulete industrialdea, Araba etorbidea eta Elkano Kalea (kiroldegi ondoan) asfaltatuko dituzte, 60.000 euroko aurrekontuarekin.