Publikoak kirolariengan duen eragina aztergai, gaur, zuzenean

Mireia Bikuña 2016ko ira. 21a, 16:02

GOIENAk zuzenean eskainiko du mahai-ingurua, 18:30etatik aurrera. Trek-Segafredo taldeko txirrindulari Markel Irizar, Añares Rioja ISB saskibaloi taldeko Intza Lizaratzu, Oihana Kortazar mendiko lasterketetako korrikalaria eta Urdaibaiko entrenatzaile Jon Salsamendi izango dira parte-hartzaileak.

"Kirolari guztien lana eta jokaldiak txalotu. Emaitza ez da garrantzitsuena", "Errespetatu epaileen erabakiak eta bultzatu jokalariek ere erabaki horiek onar ditzaten", eta "Gogoan izan beti erakusten duzun jarrera eredua dela zure seme-alabendako". Horiek dira, besteak beste, harrobiko taldeekin eta eskola kirolean diharduten ikusle zintzoaren dekalogoan zehazten diren puntuetako batzuk.

Seme-alabak animatzerakoan, zer nolako jarrera izaten dute gurasoek? Kirolariengan, izan etxekoak edo profesionalak, zer nolako eragina du zaleen aldetik entzuten dituztenak?
Hori guztiori aitzaki hartuta, mahai-ingurua antolatu du Arrasateko Udaleko kirol zerbitzuak.

Piropoak eta irainak

"Kirolariek oso gustura jasotzen dituzten zaleen piropoak eta berba politak. Gauzak ondo egiten direnean, ez da arazorik egoten. Baina, egoera okertzen denean datoz berba txarrak eta irainak. Horiek nola kudeatzen dituzten galdetuko diegu", esan du Jokin Etxebarriak.

Ikusleekin eta zaleekin izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte Irizarrek, Lizarazuk, Kortazarrek eta Salsamendik.

Aitor Elduaien kazetaria izango da moderatzailea.

Arrasazoi

Badira hilabete batzuk Arrasateko Udaleko kirol zerbitzua Arrasazoi saioak egiten hasi zela. Elkarteetako kideendako, kiroldegiko erabiltzaileendako, kirol monitoreendako eta kirolariendako ekintza ezberdinak antolatu izan dira hilean behin. Bada, hurrengo asteko mahai ingurua, saio horietako bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak