Arrasatearren artean duen arrakasta ikusita, urteko bigarren Merkemerkaua egingo da bihar, zapatua. Teknikoki hirugarrena izango da, otsailaren 27ko eguraldi txarraren eraginez bigarren bat egin zelako Martxoaren 12an.
Arrasateko merkatariek eskaintza bereziz beteko dituzte herriko bazterrak eta aukera polita izango da kalitatezko produktuak prezio erakargarrietan erosteko. %50eko deskontuak eta hortik gorakoak jarriko dituzte herriko saltzaileek kontsumitzaileak erakartzeko.
34 denda
Aukera zabala izango da biharkoan, herriko 34 dendek konfirmatu dutelako euren parte hartzea edizio honetarako.
Komertzio gehienek denda kanpoan jarriko dituzte euren arropak, hala ere, orain arte leku arazoagatik Biteri plaza erabili duten komertzioek ezin izango dute gune hori erabili.
Zapatuan ekintza ugari daudela ikusirik beste denden alboan jarriko dituzte euren produktuak ondorengo komertzioek: BC dendak Ceciaga denda zegoen tokian jarriko ditu bere produktuak, Ekobaikoek Loramendi Kirolak eta Ume artean, Kapikuak eta Lizarralde Kirolakek maiatzaren 1a plazan eta Sikol dendak Olarte kalean.
Egun osoko programazioa
Merkemerkauak ez du etenik hartuko egun osoan zehar, eta 10:00etatik 20:00ak arteko ordutegia izango dute komertzioek. Horretaz gain, 11:00etatik 13:00etara Batukada Sanbaña-ko kideek herriko kaleak girotuko dituzte eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara Erraldoi eta Kilikien konpartsaren bisita jasoko dute.