Ezohiko osoko bilkura egin dute gaur Arrasateko udal ordezkariek. Ezohikoa izan da, aurrekoa astean alkatea Montrealen egonagatik aste bat atzeratu dutelako.
Giro lasaia izan da nagusi eta eguneko gai guztiak aho batez onartu dira. Zazpigarren punturaino ez da inongo parte hartzerik izan. Tokiko Gobernu Batzordeak bigarren hiruhilabetekoan onartutako kreditu aldaketen espedienteen buruzko informazioa zen eztabaidagaia, eta EH Bilduko Eneko Barberenak bere kezka azaldu du azokari bultzada emateko planaren epeen inguruan.
Herritarrei inkesta pasa zitzaien azokaren etorkizunaren inguran zituzten ekarpenak jasotzeko. Besteak beste, azoka dagoen tokian mantentzea nahiago dela eta bertako azpiegiturak hobetu behar direla ondorioztatu zen bertatik.
Oscar Garciak gaiari heldu eta epeei buruzko informazioa eman dio koalizio abertzaleko bozeramaileari. Bi edo hiru asteko epean enpresa batekin elkartzeko asmoa dutela adierazi du, oraindik enpresa aukeratuta ez dagoen arren, eta mahai horretan EH Bildurekin batera lan egitea gustatuko litzaiokeela adierazi du. Horretaz gain, zapatu goizero elikadurarekin lotutako azoka egiteko pleguak onartu direla jakinarazi du. "Hainbat herritarrek esan digute zailtasunak dituztela astean zehar azokara joateko, batez ere, lan kontuengatik. Hori ikusirik, zapatu goizetan azoka jartzea ona dela uste dugu".
Galde eskeen puntuan EH Bilduko Urki Larreak kezka azaldu du Arrasateko Udaleko euskara sailaren etorkizunaren inguruan. Bertako arduraduna irailean erretiratuko da, eta Udal Gobernuak ez du oraindik neurririk aurkeztu bera ordezkatzeko. Uztailean EH Bilduk gai honekiko kezka azaldu zuen epeak betetzen ez zirelako eta iraileko osoko bilkuran berriro adierazi dute lehenbailehen zerbait egitearen beharra.
Maria Ubarretxena alkateak gaiaren inguruko proposamenak aztertzen ari direla adierazi du, eta onartu du garaiz kanpo daudela. Hala ere, gai honetan EH Bildurekin batera adostasunetara heltzeko nahia dutela jakinarazi du. "Euskararen gaia estrukturala izango da Arrasateko Udalaren etorkizunean. Gai honetan feeling ona daukagu EH Bildurekin eta eurekin batera adostu nahi dugu euskara sailaren etorkizuna".