"Sekulako giroa izan dugu, ezin erretiratu gabiltza", adierazi du Maixa Lizarribar kideak ilundu ondoren. Trikiti Eskolako 50en bat kide elkartu dira kalejiran eta doinu alaiekin bete dituzte kale-bazterrak: "Gurasoak, ikasle-ohiak, herritarrak… elkartu zaizkigu; oso polita izan da".
Ospatzen dabiltzan 25. urteurreneko egitarauan sartu dute gaurko kalejira, beti ere helburua izanik trikitia herritarrengana gerturatzea: "Probatzeko aukera izan du jendeak, eta ikasleek, Gure dozuna jo ekitaldiarekin nahi dutena jo ahal izan dute oholtzan; taldetxoak elkartu eta igo dira horretara", jakinarazi du Lizarribarrek.
Kajoi txapelduna Trikigin lehiaketan
Hori guztia girotzeko Trikigin lehiaketa egin dute bigarrenez. Bederatzi tabernek hartu dute parte, honako hauek: Hamalau, Zuk Nahi, Itzala, Aterpe, Irati, Dublin, Kajoi, Rumba eta Arrasate. Eta txapelduna izan da Kajoi. "A ze ezustekoa hartu duten Kajoiko kideek! Guztiek jaso dute oroigarria, baina aurtengo txapela Kajoirendako".
Ekitaldi gehiago
Zilarrezko urteurrena ospatzen jarraituko dute Trikiti Eskolakoek hurrengo bi egubakoitzetan. Hilaren 16an, kalejira egingo dute lehenengo eta gero hitzaldia izango dute Asier Gozategirekin eta Xabier Zabalarekin Kulturaten, 19:00etan.
Eta irailaren 24an, kalejiraren ostean kontzertua izango da udaletxeko arkupetan, Esne Beltza taldeko kide Xabi Solanoren eskutik.