Emakume Txokoak eta Jabetze Eskolak irailean hasi eta urte amaiera arte iraungo duten ikastaro eta tailer ugari prestatu dituzte.
Jabetze Eskola Emakume Txokoaren formazio eta topaketa gunea da, eta haren helburuak dira emakumeak euren buruaren jabe izatea eta horretarako sareak sortzea. Horiek gauzatzen laguntzeko, hainbat ikastaro eta tailer prestatu dituzte. Horietako bat bideogintzarekin lotutakoa izango da. Itziar Bastarrika argazkilariak gidatuko du eta euskarazko 19 saio izango dira, denak astelehenetan.
Horietako beste batean autoestimua eta jabetza landuko dira Pepa Bojo psikologoaren laguntzarekin. Martitzenetan izango dira saioak, guztira bederatzi saio izango dira.
Emakume Txokotik ere hainbat ikastaro prestatu dituzte. Mindfulness ikastaroan, oreka emozionala lortzeko tresnak jorratuko dira Pepa Bojorekin. Emakumeok geure burua zaintzen izenburua duen ikastaroan, masajeak, berreziketa posturalak eta luzaketak landuko dira Antonia Nogueirasekin, eta Jaione Albenizen eskutik munduko dantzak ikasketako aukera izango da, besteak beste.
Izena emateko baldintzak
Ikastaro eta tailer ezberdinetan izena emateko epea irailaren 12tik 16ra izango da. Interesa dutenek Emakume Txokoan bertan, telefonoz, e-postaz edo web ataritik egin dezakete.
Izen emate orria Emakume Txokoan edo www.arrasate.eus webgunean eskuratu daiteke. Aukeratutako ikastaroak gustukoenen arabera zerrendatu beharko dira, behar beste plaza ez dauden kasuetan lehentasunak ezartzeko. Zortziko taldeak izan beharko dute, eta Arrasaten erroldatutakoek lehentasuna eta prezio merkeagoak izango dituzte.