Urtero ekintza ezberdinak antolatzen dituzte Mugikortasun Astea ospatzeko, garraiobide garbiagoen erabilera sustatzea helburu hartuta. Zehazki, herritarrek beren egunerokotasunean lanera joateko, erosketak egiteko… bizikleta edota garraio publikoa erabiltzea lortu nahi du Udalak.
Horretarako, aurten, Mugikortasun Adimentsua kanpaina abiarazi du udalak. Herritarrek konpromiso honekin bat egin dezakete, konpromiso honen adierazle izango den agiria sinatuz eta entregatuz irailaren 16tik eta 22ra bitartean BAZen, liburutegian, kiroldegian eta webgunean. Sinatzaileen artean zozketa bat egingo da: bizikleta ekipamenduak, bizikletaren mantenua urtebeterako, hilabete osoko joan-etorriak egiteko Lurraldebus txarteleko karga… Parte hartzeko baldintzak ondorengoak dira:
- Mugikortasun iraunkor baten aldeko konpromisoa sinatzea.
- Arrasatearra izatea edo Arrasatetik/ Arrasatera lanera edo beste edozein ekintza egitera joan/etortzea.
- Ibilbide hauek oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egitea.
Horren gain, aurtengoan ere herri busa doan eskainiko dute aste osoan zehar eta beste ekitaldi batzurekin batera, bigarren eskuko bizikleta azoka, Mugitu zaitez bizikletaz izeneko erakusketa eta bizikleta irteera egongo dira.
Bigarren eskuko bizikleta azoka
Mugikortasun iraunkorraren Astearen baitan egiten den ekintzarik esanguratsu eta erakargarriena bigarren eskuko bizikleta azoka izaten da. Azokarako egoera onean dagoen edozein material eta mota ezberdinetako bizikletak biltzen dira: mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, kaskoak, gurpilak…
Material hori Udal azokara eraman beharko da:
- Irailaren 10ean, zapatua: 11:00-13:00
- Irailaren 13an eta 15ean, martitzena eta egunea: 11:00-13:00 eta 17:00-19:00
Bigarren eskuko bizikleta azoka hilaren 17an egingo da, Mondragones kalean 11:00etatik 14:00etara. Egun berean, hilaren 17an, Mugitu zaitez bizikletaz erakusketa ere egingo da Seber Altube plazan, 11:00etatik 14:00etara. Amaitzeko, hilaren 18an, bizikleta bira egingo da, 10:00tan hasita.