Izarran hasi eta Villalba de Losaraino doa Artzaintzaren bidearen 5. etapa. Dena den, atzokoan apurtxo bat murriztu egin zuten Besaidekoek, eta Berberanaraino joan ziren. Goizean, abiatuta, Alto del Corral (842 m.) tontorra egin zuten lehenik, eta "paisaia ederra" ikusi zuten bertatik.
Handik jarraituta, Nerbioi ibaiaren ur-jauzia ikustera joan ziren, uda garaian urik izaten ez den arren, eta bertan hamarretakoa egiteko aprobetxatu zuten. Gero, erdibidean, Fuente de Santiagoko parkean, autobusa zegoen buelta egin nahi zutenen zain. Gainontzekoek aurrera jarraitu zuten.
Sustotxoa ere izan zuten irteeran, beroaren ondorioz parte hartzaile batek intsolazioa izan zuen eta. Taldekideek lagundu egin zioten eta egoera ez zen larriagotu.
Hurrengo hitzordua
Besaidekoen hurrengo irteerak ere honezkero badu data. Urriaren 23an egingo dute, eta Artzaintzaren bidearekin jarraituaz, 6. etapari ekingo diote, Villalba de Losatik Bovedara. 20 kilometroko ibilbidea, sei ordutan burutzekoa. Elkartetik herritarrak animatu dituzte parte hartu dezaten.