Ford Mugarri denboraldi berriari ekiteko gertu

Maite Txintxurreta 2016ko ira. 5a, 13:26

Irailaren 24an hasiko dute liga berria Zumaiako Pulpo taldearen etxean. Orain, baina, aurre denboraldian murgilduta daude. Denboraldi bukaeran play offa jokatzeko lehenengo bost postuetan klasifikatzea jarri dute helburutzat.

Seniorretan, Ford Mugarri taldean, aurreko denboralditik hiru baja izango dituzte: Nestor Callejak, Oscar Maciasek eta Iker Zubiaurrek taldea utzi dute. Euren tokia betetzeko, baina, jende berria ere etorriko da Arrasatera: Aloña Menditik Kepa Zelaia dator (lehenengo lerroko jokalaria), eta Urolatik, berriz, Andoni De la Roza atezaina. Bestalde, beheko taldetik igoko diren Mikel Teranek eta Julen Agirianok lagunduko dute taldea indartzen.

Aulkian, Patxi Garbiak denboraldi honetan ere entrenatzaile gisa jarduteko konpromisoa hartu du.

Aurre denboraldia eta helburuak

Taldea abuztuaren 23an hasi zen entrenamenduekin, eta astean lau bider egiten dituzte saioak. Aurre denboraldia ere martxan da; hala, hurrengo partidua zapatu honetan izango dute, Gure Auzune taldearen aurka Musakolan. Hilaren 17an, berriz, Jesus Mari Herrero Pitxi torneoa jokatuko dute Romo taldearen aurka. Aurten klubeko talde guztiek hartuko dute parte. Goizean infantil, kadete eta gipuzkoako seniorrek jokatuko dute eta arratsaldean gazte taldeak eta Euskadiko txapelketako Ford Mugarrik.

Aurtengo helburua, iaz bezala, lehen bosten artean sailkatzea lortzea izango da. Aurten liga araudia aldatu egin dute, eta ligako txapelduna zuzenean sailkatuko den bitartean, bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak play offa jokatuko dute apirilean. Play offeko irabazlea izango da igoera fasea jokatzeko txartela eskuratuko duena.

Gipuzkoa mailako taldea

Arrasate Eskubaloiko Gipuzkoa mailako taldean ere hainbat aldaketa izango dira denboraldi berriari begira. Hala, ikasketak direla medio, aurten baja izango dira David Mateos, Jaime Perez, Andoni Abaunza, Iñaki Barrutia eta Ion Arrazola. Aurpegi berriak ere izango dira, baina: jubeniletatik igoko diren Jon Ander Arizaga eta Mikel Etxegia, eta kanpotik datozen unibertsitateko ikasleak, Julen Hernandez eta Gorka Uriarte.

Jokalari berrien bila

Infantil, kadete eta gazte mailan jende berriaren bila dihardute Arrasateko Eskubaloi elkartean. Gazte taldean gaur egun hamar jokalari daude, kadeteetan hamalau, eta infantiletan, berriz, bederatzi.

Klubetik dei egin die Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Aramaioko gazteei, eskubaloian jokatu nahi izanez gero edota probatu nahi izan gero, gerturatu daitezen Iturripeko kiroldegira entrenamendu orduetan. Hala, ordu horiek noiz izango diren jakitzeko, ikastetxeetan kartelak jarriko dituzte. Dena den, informazio gehiago eskuratzeko bi telefono zenbaki ere luzatu dituzte: 659758445 (Andoni) eta 650529799 (Iñaki)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak