Arrasateko Udalak herriko komertzio baten aurkako salaketa jarri du adin txikikoei alkohola saltzeagatik. Koma etiliko kasuen gorakadak eraginda hainbat gurasok legez kanpoko salmenta horiek salatu zituzten. Arazoaren aurrean zerbait egiteko beharra ikusi zuten Udal Gobernuko kideek eta harremanetan jarri ziren herri Segurtasunerako arduradunarekin.
Lokaleko arduradunei hainbat abisu eman eta jarrera aldatzen ez zutela ikusita, kaletar jantzitako udaltzain batek aurrez aurre frogatu zuen adingabeei alkohola nola saltzen zioten. Behin hori eginda, espedientea eta kasua Gizarte Zerbitzuek kudeatu dute. Arau hauste larria izanik 3.000 eta 15.000 euro arteko isunak ezarri daitezke. Era berean saltokia ixteko zigorra jaso dezakete gehienez bi urtera arte.
"Salatua izan zen gertakizuna eta frogatuta geratu da. Arau-hauste administratiboa denez legeak ezarritakoaren arabera ezarri zaio zigorra saltokiari: 3.001 euro isuna ordaindu eta hilabete batez (iraila) saltokia itxi beharko du. Baremoak kontuan izanik, ezarri ahal izan zaion baxuena jaso du" aitortu dute gobernu taldetik.