Arrasateko Trikitixa Eskolak, 25. urteurreneko ospakizunekin jarraituz, honako ekintza hauek prestatu ditu irailerako.
Irailaren 8an, iaz arrakasta izan zuenez Trikiginaren 2. edizioa egingo dute. Hori dela eta, Arrasateko tabernei gonbidapena luzatu nahi die Trikitixa Eskolak bertan parte hartu dezaten. Aurreko urtekoek baietza eman dute, baina 25. urteurrena ospatzeko tabernari gehiago erakarri nahi dituzte. Horretarako, irailaren 5a heldu aurretik,telefono zenbaki honetara deitu besterik ez da egin beharko 617665476 (Antxon). Tokia dela eta plaza mugatuak egongo dira.
Egun berean, arratsaldeko 18:00etan hasita, Eskolako ikasleek kalejira egingo dute eskolatik plazara, eta plazan trikitia eta panderoa hobeto ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Baita ikasturte berrirako matrikula egiteko aukera izango dute. Gainera, artisau bat egongo da plazan eta pulpeiroa ere bertan izango da. Txatxilipurdiren laguntzarekin txikienek ondo pasatzeko aukera izango dute.
Irailaren 16rako, berriz, hitzaldi bat antolatu dute Kulturaten. Bertan Xabier Zabala eta Asier Gozategi musikariek hitz egingo dute (19:00etan). Ikasleek kalejira ere egingo dute.
Irailaren 23an, erromeria txiki bat izango da herriko plazan. Eskolatik kalejira irtengo da eta plazan elkartuko dira denak. Gainera, saltzen ari diren boletoen zozketa egingo da.