Udako kanpusak kirol taldeen harrobiari forma ematen hasteko baliagarriak diren ekimenak dira, eta ongi dakite hori Mondrate areto futbol taldekoek. "Iazko kanpusetik infantil taldea sortu genuen eta lehen denboraldian bigarren geratu dira" adierazi du Jonathan Raso antolatzaileak.
Aurten bigarren aldiz antolatu dute udako kanpusa, uztailaren 4tik 15era. Zortzi eta hamabost urte arteko 70 neska mutiko aritu dira bertan, adinka sailkatutako lau taldetan. "Lehen hiru taldeekin jokoak eta futbito saioak landu ditugu, eurentzako hiru ordu eta erdi futbitoan aritzea astunegia izan daitekeelako. Hamahiru eta hamabostekoekin futbitoa era intentsiboan landu dugu, eurak motibatu eta gure taldeetan lehiatzeko pausua eman dezaten" adierazi du Rasok.
Aurtengo edizioaren inguruan galdetuta zera adierazi du Rasok "Positiboki baloratzen dugu aurtengo edizioa. Jendea gustura aritzea zen helburua eta lortu dugula esango nuke. Herriko gazteak taldera hurbiltzeko eta etorkizuna bermatzeko modurik onena udako kanpusa".