Programa hori Iberdrolaren jarduera-eremuan diharduten merkaturatzaileen bezeroendako da, oraingoz. Google Chrome nabigatzailearentzako doaneko luzapen bat da, Home Energy Analizer (IK-HEA) izenekoa, eta etxeko energia kontsumoaren datuak analizatzen ditu, kontratatutako tarifarekin alderatzen du eta hainbat alternatiba iradokitzen du gastua eraginkorragoa izan dadin.
Programa Chrome Web Store helbidean eskura daiteke dagoeneko, eta erabiltzaileei aholkuak ematen dizkie argiaren faktura murrizteko, ohiturak moldatuz edo tarifa aldatuz.
Home Energy Analizer erabiltzeko, erabiltzaileek kontagailu adimendun bat eduki behar dute instalatuta, erabiltzaile bat sortu behar dute Iberdrola Distribución-en webgunean eta konpainiak bere telekudeaketa sistema hedatuta duen gune batean bizi behar dira. Programa erraz erabiltzeko interfaze bat dauka, espezializatuta ez dauden erabiltzaileentzat egokia.
Tarifa eta potentzia egokienak
Tresnak erabiltzaileei abisua ematen die euren kontsumoari ondoen egokitzen zaion tarifari buruz: ordutegiaren araberako diskriminazioa, hau da, energiaren prezioak merkeagoak dira gauez egunez baino, edo argiaren prezioa ia finkoa duen tarifa, ordua gorabehera.
Halaber, programak adierazi egiten du ea kontratatutako potentzia etxeko kontsumoarekin bat datorren eta, potentziaren puntak erabiltzaileak kontratatutakoaren azpitik badaude, kontratatutako maximoa aldatzeko iradokitzen du. Ez da ahaztu behar zenbait eta potentzia kontratatu handiagoa izan hainbat eta altuagoa dela tarifa.