Eliteko futbol taldeak hasi dira denboraldia prestatzen, eta lagunartekoak jokatzen. Hala, Mondrak eta Arrasateko Udalak antolatuta, egubakoitzean (19:00, Atxabalpe) Eibarrek eta Sansek lagunartekoa jokatuko dute. Talde armagina ondo indartzen dabil datorren urtera begira; Yoel Rodriguez, Bebe, Pedro Leon, Florian Lejeune... Eibarko taldeak egin dituen fitxaketetako batzuk dira, eta baliteke egubakoitzean Atxabalpen jokatzen ikusi ahal izatea. Euren aurrean Realeko bigarren taldea izango dute, Sanse. Imanol Alguacilen taldea joan den astelehenena hasi ziren lanean, eta egubakoitzekoa bigarrehn lagunartekoa izango dute, joan den zapatuan Berioren kontra jokatu zuten-eta lehenengo partidua.
Abuztuaren 10ean, Agorrosinen
Hurrengo futbol hitzordua, berriz, abuztuaren 10ean izango da. Orduan, Kilometroak 2016ren barruan Realeko lehenengo taldeak eta Eibarrek jokatuko dute, Agorrosinen. Ordurako futbol taldeek etxerako lanak aurreratuago izango dituzte, eta taldeak erritmoa hartzen joango dira. Realak udan, guztira, hamar norgehiagoka jokatuko ditu. Vila-realen kontra jokatuko dute zapatuan, hilak 23, eta ondoren etorriko dira Herbeheretan, eta Ingalaterran jokatuko dituzten norgehiagokak: Konyaspor (uztailak 27), NEC Nimega (uztailak 29), Heerenveen (uztailak 30), Burnley (abuztuak 5) eta Middlesbourgh (abuztuak 6) izango dira kanpoan egingo duten egonaldian jokatuko dituzten partiduak. Ondoren –abuztuak 10– etorriko da Bergarako partidua, Reala eta Eibar zein baino zein gehiago Agorrosinen, eta abuztuaren 13an Alemanian izango dira txuri-urdinak, Bayern Leverkusen taldearen kontra jokatuko dute-eta.