Imanol Zeziagak hiru segundo atera dizkio Andoni Garciari mila metroko distantzian

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko uzt. 16a, 14:42

Imanol Zeziaga Andoni Garciaren aurretik helmugara iritsi baino metro gutxi batzuk lehenago.

Lagunarteko erronka moduan sortu zen gaurko proba, baina ustekabeko dimentsioa hartu du azkenean. Hogei bat lagun elkartu dira gaur Mojategin Zeziagaren eta Garciaren arteko lasterketa ikustera. Azkenean, saskibaloi jokalaria izan da nagusi.

Lagunak dira eta zerbeza pare bat jotzen ari zirela sortu zen erronka: kilometro bateko distantzian baietz ni zu baino azkarragoa izan. Lasterketak egin ohi ditu Andoni Garciak, mendi lasterketak gehienbat. Imanol Zeziaga ere forman dago, saskibaloi jokalaria da.

Gaur argitu dute kontua Mojategiko atletismoko pistan. Garcia indartsu hasi da eta berak markatu du erritmoa lehenengo bi itzulietan. Zeziagak ondo eutsi dio. Azken buelta erdian, ordea, erasoa jo du Zeziagak eta Garciak ezin izan dio erritmoari eutsi. Lagunen txalo artean Zeziagak gurutzatu du lehenengo helmugako marra. Bere denbora hiru minutu pasatxo: 03'00:08.

Hiru segundo gehiago behar izan ditu Garciak iristeko: 3'03:04. Hitzartu moduan Garciak ordainduko dio, beraz, afaria edo bazkaria Zeziagari.

"Oso pozik nago emaitzarekin. Harrituta ere bai, egia esan", azaldu du Zeziagak lasterketaren amaieran. "Ez nuen irabaztea espero, baina ondo ikusi dut nire burua eta une batean dena emateko erabakia hartu dut ea zer gertatzen zen. Jendearen animoak, egia esan, asko igartzen dira eta indarra eman didate irabazteko. Espektakulu polita izan da. Nik uste dut errebantxa egongo dela".

"Indartsu hasi dut lehenengo buelta eta bigarrenean erasoa jo dut, baina ezin izan dut atzean utzi eta azken metroetan ikusi dut irabazi egingo zuela. Zoriontzea tokatzen da hobea izan delako". Erronkaren bueltan giro polita sortu dela azpimarratu du Garciak. "Orain bazkaria egingo dugu, eta gero festa egingo dugu Antzuolako jaietan".

Lagunarteko pikea

Erronka berezi honek ustekabeko dimentsioa hartu du lagun kuadrillan. Apustuen kopuruak ezustean harrapatu ditu bai Zeziaga eta bai Garcia. Gaur, hogei bat lagun elkartu dira Mojategin lasterkariak animatzera, baina baita ere egindako apustuak zertan gelditzen ziren argitzera. Guztira 240 euro zeuden jokoan. Hiru lagunen artean banatu dute dirua, gehien gerturatu diren hiru lagunen artean. Lehen saria Maikel Roperok eraman du.

 

Erlazionatuak

Imanol Zeziaga eta Andoni Garcia Mojategin

Larraitz Zeberio Lekuona 2016 uzt 16 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak