Udazabal programa aurrera doa, Arrasateko kaleak kultura eskaintza ugarirekin betetzen segitzen du. Zirku eta pailazo ikuskizun arrakastatsuen ondoren, gaur, musikaren txanda izango da. Kontzertu berezi batek Jose Letona plazako bazterrak blues doinuekin beteko ditu, arratsaldeko zortzietan.
Fuerteventurako Bocinegro taldea izango da gaur iluntzean bertan arituko den taldea. Formatu akustikoan landutako bluesa egiten duen laukotea da: Inma Costanzo ahotsean, Jordi Benito eta Davil Llop gitarra lanetan eta Raul Gonzalez perkusioan, hain zuzen ere.
Gerra osteko bluesa
Taldea 2013an eratu zuten. Gerra osteko bluesaren maisuen bertsioak jotzen eman zituzten lehen pausoak, eta horrela hasi ziren euren soinua finkatzen. Besteak beste, Little Walter, Lonnie Johnson eta Boubacar Traore artisten soinua izan zuten inspirazio iturri.
Taldearen izena bitxia da: euren sustraietako beltzen ahotsa eta Kanariar uharteetako arrain ohikoa den bocinegroa nahasten ditu. Baina hitz jokoa alde batera utzita, Fuerteventurako klima idorra gogora ekartzen duen bluesa egiten dute, apaingarririk eta efektu digitalik gabekoa.
2013an Bocinegro Folk Blues
izeneko lehen diskoa grabatu zuten. Bertan, bertsioak ziren nagusi; 2016ko urtarrilean, berriz, beste disko bat kaleratu zuten, eta hura aurkeztuko dute Jose Letona plazan gaur egingo duten emanaldian. Disko berria eurek konposatutako abestiekin dago osatua, baina baliteke kontzertuan zehar bertsioren bat edo beste jotzea.
Udazabal gehiago
Datorren astean Udazabal programak aurrera jarraituko du. Datorren eguenean, Ekuadorko folklore jaialdiak Monterron parkea girotuko du, hango dantzari eta musikariekin.