Jon Goikoetxea gasteiztarrarekin eta Oier Bartolome debarrarekin batera Bideolan ekoizpen-etxea sortu du Altunak. Euskal balearen ehiza izeneko dokumentala egin du hirukoteak, eta pasa den ekainaren 25ean aurkeztu zuten Donostiako Surf Film Festival lehiaketan.
Hasieran, Gipuzkoan dauden olatu erraldoien atzetik ibiltzen diren surflarien gaineko film labur bat egiten hasi ziren, baina pauso bat harago joan ziren balea ehiztarien eta surflarien arteko harremana lantzerakoan. Benito Lertxundiren Orioko balea abestiak zerikusi handia izan zuen horretan.
Kanta entzutean, balearen arrantzaren eta olatu handien ehizaren erlazioarekin jolasteko ideia garatu zuen Oier Bartolomek.