Hileko hirugarren zapatua heltzeaz bat, baserritarren azokaren beste edizio batek Seber Altube plaza nekazarien produktuekin beteko du. Oporraldiko azkena izango da, abuztuan ez dutelako azokarik egingo eta aurtengo ikasturtea borobilduko du.
Orain arte egindakoen inguruan galdetuta zera esan du Marga Garmendiak, Mankomunitateko enplegu eta garapen teknikariak. "Gorabeherak egoten dira eguraldiaren arabera, baina orokorrean ondo joan dira".
Udako lehen azoka izango da eta sasoi honetako lehen produktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hala, primizia bezala, inguruko baserrietako lehen tomateak izango dira salgai. Oraingo honetan 14 ekoizlek jarriko dute euren postua.
Kanpotik etorritakoek iparraldeko ahateekin egindako produktuak, Bermeoko arrain kontserbak edo Arabako esnearekin egindako goxokiak ekarriko dituzte besteak beste.
Horretaz gain, Garai-on eta Ausolagunek antolatuta haurrentzako Jan eta Jolas Baserrikoa tailerra antolatu dute. Bertan gaztetxoenek bertako produktu ezagutu eta hauek sukaldatzen ikasteko aukera izango dute.
Prestatutako eskaintza zabala ikusita, ondorengo mezua zabaldu dute antolatzaileek. "Jendea animatu dadila bueltatxo bat ematera. Beti ere baserritarrak ilusio handiz etortzen dira euren produktuak zuzenean eskaintzera. Egun osoa aurretik eduki arren aukera polita da bertako produktuak erosi eta dastatzeko".