Azken urteotan izandako eboluzioan jauzi handia eman du arrasatearrak, eta azken hilabeteak oso emankorrak izan dira –Gipuzkoar bakarra da Europako Txapelketara sailkatu dena–.
Neguan, pista estalian denboraldi ederra egin zuen Carrascalek, eta Euskadiko txapeldun izan ostean Salamancan egindako Espainiako Txapelketan erakustaldia eman zuen, bi modalitatetan onena zela erakutsita –Luzera saltoan 7,24 metroko markarekin, eta salto hirukoitzean 15,09 metroko markarekin. Adin horrekin oso atleta gutxi daude 15 metroko marka gainditzeko kapaz direnak; txapelketako errekorra ezarri zuen salto horrekin. Eta aire libreko denboraldian Espainiako Txapeldun izan da ostera ere.
Esperientzia du txapelketan
Carrascalendako ez da berria Europa mailan lehiatzea, iaz junior mailako Europako Atletismo Jaialdian izan zen, eta hain zuzen, leku berean egin zuten txapelketa, Tiflisen. Hala, bihar, eguena, Arrasatekoa luzera saltoan lehiatuko da, eta salto hirukoitzeko txapelketa, berriz, zapatuan izango du. Hemen jarraitu ahal izango da txapelketa zuzenean.