Asteburuan Arrasaten izan den indarkeria matxista kasua salatu dute

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko uzt. 12a, 13:07

Arrasateko Udalak, Emakumeen Mundu Martxa plataformak, eta Arrasateko EH Bilduk astebukaeran Uribe kalean izan den indarkeria matxista kasua salatu dute. Biharko, gainera, elkarretaratzea deitu du Emakumeen Mundu Martxak, herriko plazan, 19:30ean.

Erasoa Uribe kalean gertatu zen, 03:00ak inguruan, domekan. 39 urteko gizon batek 39 urteko "emakumea lurrera bota zuen eta ostikoka hasi zitzaion", Ertzaintzak azaldu duenez. Kalean gertatu zen erasoa eta horregatik bizilagunek abisua eman zuten, eta Ertzaintzak azkar bertaratu ahal izan zuen. Gizona atxilotuta eraman zuten ertzain etxera, eta epaileak urruntze agindua ezarri dio, emakumeak salaketa jarri ondoren. Ertzaintzatik azaldu dutenez, "ez da lehenengo aldia izan" emakume honen aurkako eraso matxista bat eman dela.

Arrasateko Udalak "gaitzezpen irmoa azaldu" du, eraso honen aurrean, eta "elkartasuna adierazten die erasotua izan den emakumeari, bere senideei eta lagunei".

"Berriro ere indarkeria matxista kasu baten aurrean aurkitzen gara eta gure haserrea ezin da handiagoa izan", azaldu dute Emakume Mundu Martxatik. "Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako plataformak gertaera honen aurrean erabateko gaitzespena adierazi nahi du, eta era berean deialdia egiten die herritar guztiei, bihar, asteazkena, 19:30ean Herriko Plazan egingo den elkarretaratzera batu daitezen", adierazi dute.

Arrasateko EH Bilduk ere bat egiten du Emakumeen Mundu Martxako plataformak  egin duen deialdiarekin: "Elkarretaratzean parte hartzeko eskatzen dizuegu herrikideoi. Izan ere, azkenaldian maizegi esan behar izan dugunez, guztion kontzientziazioz eta inplikazioaz baino ez dugu lortuko indarkeria matxistarekin bukatzea. Bide horretan, eredu izan dira erasoa jasan zuen emakumearen oihuak entzuterakoan laguntzera joan zitzaizkion herritarrak. Eskerrik asko eurei eta bihar, arratsaldeko 7:30ean, Herriko plazara batuko zareten guztioi.  Gure babesa eta elkartasuna, halaber, jipoitua izan zen emakumeari"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak