Orain dela urte asko, Christophe bere anaia Euskadiko Orkestran izan zen, biolinista, eta eskolak ematera etorri zen Arrasate Musikalera. Isabella, berriz, Polonian ari zen lanean, eta anaiarekin etorri zen 1986an, eszedentzia bat eskatuta, eta Arrasaten egon da ordutik hona. Izan ere, penaz utzi du Arrasate Musikal, baina edozein proiektutan laguntza behar duenari laguntzeko bueltatuko dela adierazi du.
Pena, uzteagatik
Eskerrak eman nahi izan dizkie Arrasate Musikaleko irakasleei urteotan bizi izandakoengatik. Batez ere, Eduardo Arzamendi, Marta Izagirre eta Rakel Hernandezi (bere ikasle ohia). Bestalde, berarekin jo duten Amaia Arzamendi, Eli Auzmendi, Amaia Garro eta Arantza Idigoras biolin-joleei, eta hauekin bizitakoak ez dituela ahaztuko adierazi du. "Nire bihotzean eramango dut Arrasate Musikal, bertako ikasle eta irakasleak… Hala ere, bide berriari ekin arren, uste dut lanean jarraituko dugula, eta egingo ditugu kolaborazio ezberdinak, hori seguru". Bestalde, lasai utzi ditu bere ikasleak; izan ere, "irakasle bikainekin" uzten ditut.
Musika eskolan hutsunea
Arrasate Musikaleko Edorta Ayastuyk ikasle zela ezagutu zuen Isabella Blezien, eta musika eskolarentzat erreferente izan den pertsona izan dela adierazi du. "Diziplina handikoa da, eta horrek guregan ere eragina izan du. Exijentzia maila handia erakutsi du, eta beti lanerako prest egon den pertsona maitatua izan da".