"Domekakoa kadete mailakoendako lasterketa izango da. Dorletako Amaren inguruan gauden lagun batzuk aspaldi genbiltzan lasterketa bat antolatzeko gogoaz. Hasierako asmoa zen amateur mailako ziklismo lasterketa bat antolatzea, baina Bergarako Lokatzako lagunekin berba eginda, gomendatu ziguten gauzak behetik egiten hastea. Hala, ikusita klubaren harrobiko kadete mailakoak oso lan txukuna egiten dabiltzala, kategoria horretarako lasterketa antolatzera animatu gara", adierazi du Iñaki Juldain Jali-k.
Lasterketa "gogorra"
Federazioak asko zaintzen ditu kategoria txikietako lasterketetako distantzia eta gogortasunak: "Baina denboraldia aurreratuta dagoenez lasterketa gogortxoagoak jartzeko aukera ematen dute, eta Arrasatekoa nahiko zorrotza da". Lasterketa Garibain hasiko dute (16:00), eta Oñatirako bidea hartuko dute, handik Eskoriatzaraino joateko. Aingeru Guardan buelta erdi eman, eta Arrasatetik Aramaiora igoko dute: "Eta ordurako lehenengo aukeraketa eginda egongo da, eta Arrasatera jaitsira Kanpanzar igo eta Epelera jaitsita Garibairaino etorriko dira (17:40). Seguruenik Kanpanzar erabakigarria izango da azken taldetxoak aurrera egin dezan, eta ikusteko dago azken kilometroak zelakoak izango diren".
Dorletako Amako Eroski-Portabicis.com taldekoekin batera Oñatiko gaztetxoak ere lasterketan izango dira, Ulmakoak, hain zuzen. Eta eurekin batera, Gipuzkoako beste talde mordoa.
Lasterketa datutan:
Irteera: 16:00etan Garibain.
Helmuga: 17:40aldera Garibain.
Kilometroak: 65 kilometro.
Mendateak: Kanpanzar.
Lasterketa pasako da:
Oñati (16:15), Arrasate (16:35), Aretxabaleta (16:40), Eskoriatza (16:44), Aramaio (17:08), Arrasate –Muxibar– (17:26), Epele (17:31), Garibai (17:40).
Ziklista kopurua: 120 inguru.