Are gehiago, salatu zuten horrek askatasuna kentzen ziela fabrikako langileei euren dirua nahiago zuten lekuan gastatzeko. Salatu zuten, baita ere, hori patronalarendako aitzakia zela soldatak baxu mantentzeko, eta baita ere, "horrenbeste lanekin" langileek irabazitako dirua maneiatzeko eta haiek gatibuago izateko.
Txikiek ozta-ozta iraun
"Idazkia zuhurtasunetik dago idatzita, bistan da. Kooperatiba berri bat Arrasate txiki hartan irekitzeak ezin zion gauza onik ekarri herriko merkatritza sektoreari. Herritarrek bazekiten zein nolako indarrarekin aritu ziren enpresako jabeak zenbait hilabete lehenagoko greban, ondorioak azken muturreraino eramaten, eta beraz beldur zeuden kooperatiba berria langileen aldekoa izango zen. Orduan, gaur bezala, herriko merkatal denda txikiek ozta-ozta iraun zezaketen zabalik, eta ez zeuden prest eraso berriaren aurrean amore emateko", dakar gogora Josemari Velez de Mendizabal historiagileak.