Arrasateko Udalak akordioa lortu du Anporretako tontorreko lursaila erosi eta jabego publikoko bihurtzeko. 32.263 metro karratuko lursaila da eta 18.000 euroren truke itxi dute akordioa. Prezioaren barne daude lursailak gaur egun dituen pinudiak. Udalaren asmoa da hauek saldu eta egindako inbertsioaren zati bat berreskuratzea.
Jabeak lursaila herentzian jaso zuen eta ez zion inongo erabilerarik ematen. Pinudien prezio baxuak ere eragin du ugazabak interesa galtzea eta lurrak saltzearen alde egitea.
Atontze lanak
Udalaren asmoa da Kurtzetxikin egin zen antzera, ingurua garbitu eta atontzea. Anporretako tontorretik gertu gerra zibilean faxistek erabilitako lubakiak daude. Intxortakoak aski ezagunak dira, baina Arrasaten ere badaude gerra zibilaren arrasto biziak. Hauek atondu eta merezi duten garrantzia ematea da beste egitasmoetako bat.
Mendi buelta
Erosketa honen baitan, herriko mendizaleentzat mendi buelta bat sortzeko egitasmoa dago. Arrasatear askok dute mendira joateko ohitura, eta hauei ibilbide berri bat eskaintzea da erosketaren beste arrazoietako bat. Besaide Mendizale Elkartekoen laguntzarekin, Monterronetik hasi eta Anporretatik pasako den hamar kilometroko txangoa sortu nahi dute. Guztiz zehaztu gabe dagoen arren, ibilbidean zehar, Monterron, Hidalgo-baso, Anporreta, Iturritxipigaina, Meatzerreka, eta San Balerio parajeekin gozatzeko aukera izango da.