Campusean astebeterako, bi asterako, hiru asterako edo hilabete osorako eman ahal izan dute izena. Arrasatekoak dira gehienak, baina Debagoiena osotik etorri dira aurten ere. Lehen helburua umeek ondo pasatzea dela dio campuseko arduradun Josu Zubiak: "Ondo pasatzeaz gain, Mondra ezagutzeko aukera ederra da umeendako. Helburu garrantzitsuena da Mondraren eta Arrasateren arteko lotura estutzea. Oraindik ez daude futbol eskolan eta kluba ezagutu dezakete. Futbolaz harago, kirolarekin zerikusia duten beste ekintza batzuk ere antolatzen ditugu".
Elikadura saioa eta Gurutze Gorrikoen formakuntza
Garrantzitsuak iruditzen zaizkien gaiak ere lantzen dituzte, eta horren barruan kokatu behar dira elikaduraren gaineko ikastaroa eta Gurutze Gorrikoen formakuntza saioa. Emozioak eta balioak ere lantzen dituzte: "Errespetua eta laguntasuna moduko balioak lantzen ditugu. Izan ere, lagun berriak egiteko aukera izaten dute campusean. Uste dut hasieran jarritako helburuak betetzen ari garela".
Campusak Mondrari mesede
Umeak "oso gustura" dabiltzala dio Zubiak: "Poztasun handia da umeak horren gustura ikustea. Gurasoen aldetik ere errekonozimendua jasotzen dugu eta hori ederra da". Horrek klubari mesede handia egiten diola deritzo campuseko arduradunak: "Orain arte ez da horrelakorik egin, eta uste dut campusak ahalbidetzen duela umeak eta gaztetxoak Mondra klubera hurbiltzea. Lehen taldearen azken partiduetan ikusi zen hori, ume eta gaztetxo asko ikusi genituen Mojategin".
Begiraleak, Mondrari oso lotuak
Begiraleak ere Mondrako jokalariak dira, futbol eskolan inplikatuta dabiltzanak: Ander Romero, Edorta Bolinaga, Iker Uribarren eta Xabi Arrizabalaga ari dira Zubia laguntzen. Begirale bakoitzarentzat 12 bat ikasle daude. Era berean, Mondrako jokalari ohi Iban Garai Muxi ere egon zen egun baten, egun jokatzen ari den Mikel Aizpuruarekin batera. 2001eko igoera gogora ekarri zien Muxi-k eta Aizpuruak aurtengo igoerak eragindako sentimenduak kontatu zizkien gaztetxoei. "Hainbat galdera egin zizkieten", esan du Zubiak.
Iaz baino jarduera gehiago
Udako bigarren campusean –Aste Santuan ere egiten dira– iaz baino jarduera gehiago aurreikusten dituzte. Ordutegia iazko berbera da, 09:00etatik 13:00etara. Aurtengo beste aldaketatxo bat da campusaren amaieran, diploma beharrean, domina bana banatuko dietela: "Oroigarri ederra izango da eurendako". Campusa epe luzerako proiektua dela dio Zubiak: "Urtez urte hobetzen saiatuko gara. Mondrari eskerrak eman nahi dizkiot, bereziki begiraleei. Sekulako lana ari dira egiten".
Izen-ematea itxita, baina aukera egon liteke
Amaitzeko, Zubiak aditzera eman du uztailaren 11tik 15erako zein uztailaren 18tk 22rako asteetan plaza gutxi batzuk daudela oraindik. Izena emateko helbide elektroniko honetara idatzi behar da: mondrafutboleskola@gmail.com.