Ekiten ekintzailetza-programako lehiaketaren hamargarren urtea izan da aurtengoa. Ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea du helburu, baita ikasleei euren enpresak sortu eta negozio berriak abian jar ditzaketela sinestaraztea ere.
MUko ikasleendako hiru kategoria izan dira iaz bezala, eta duela bi urte sortu zen beste kategoria bat ere izan da aurtengoan ere, Latinoamerikako proiektuena, hain zuzen, MUk Mexikon eta Kolonbian dituen unibertsitateetako ikasleei zuzendutakoa.
Guztira, aurten 104 ikaslek hartu dute parte, horiek 35 proiektu aurkeztu dituzte; eta horietatik 11 dira Latinoamerikako 23 ikaslerenak. Epaimahaiaren lana ez dela erraza izan azaldu du MUko errektoreorde Jon Altunak.
Saridunak
Bertako MUko ikasleen artean banatu duten Enpresa Ideia Berrien kategorian, Kirkdrone, zurekin hazten den dronea izeneko lana izan da irabazlea, Gaztenpresak babestua.
Kimu Berrik babestu duen bizi-kalitatea hobetzeko proiektuetan, berriz, errehabilitazio fisikoa edo muskularra helburu duten produktu eramangarrien proiektuak jaso du lehen saria.
Debagoieneko eta Debabarrenako Landa Garapeneko agentziek babesten duten Landa Garapenaren kategorian, ostera, ez da lehenengo saririk banatu, eta bigarrena tokiko produktuak saltzeaz arduratzen den proiektuak jaso du.
Kategoria bakoitzeko lehen saridunek 1.000 euro jaso dute, eta bigarren eta hirugarrenek 500na euro.