'Street boulder'-a eta Patxi Matxin skate festa jaien parte izango dira

Xabi Gorostidi 2015ko api. 4a, 13:25

San Juan jaietan dena ez da parranda izaten, eta kirol ikuskizunez gozatzeko aukera izango da aurten ere.
Ez edonolako kirolak, gainera.  Prentsa eta telebista saioetan gutxi ikusten diren horietakoak izango dira, jaietan euren tartetxoa izango dutenak.

'Street boulder'-a

Horietako lehena ekainaren 24ko street boulder txapelketa izango da. Beste behin ere, rokodromoa  alde batera utzi eta Arrasateko kaleetan zehar paretak igotzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek.
Aurtengoa San Juan jaietako Txosna Batzordeak antolatzen duen zazpigarren edizioa izango da. Aurrekoetan, parrokian, Portaloian, Monterron jauregian eta Zurgin kantoian dauden blokeak igo izan dituzte. "Aurtengo blokeak oraindik definitu gabe dauzkagu, eta horretan lanean ari gara" adierazi du Kepa Bruñasek, iazko irabazleak. "Aurten ere bospasei bloke egitea da gure helburua", adierazi du.
17:00etan hasita, alde zaharreko paretak igotzen hasiko dira eskalatzaileak. Ahalik eta saiakera gutxien erabilita bloke guztiak egiten dituena izango da txapelduna. Izen ematea librea izango da eta egunean bertan egin daiteke.

Patxi Matxin

Jaietako hirugarren egunean  ere   egongo da kirolaz gozatzeko aukera; kasu honetan, skatearekin. Arraskak, Arrasateko skate taldeak, VI. Patxi Matxin jaialdia antolatu du. Goizean hasi eta arratsaldera arte, lau gurpilen gainean egiten den kirol honekin lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte.
11:30erako skate eskola antolatu dute. Skatean lehen urratsak egiteko oinarrizko aholku batzuk emateko asmoz antolatu dute.
15:00etan, X Games txapelketari hasiera emango diote. Zaldibarko frontoian kokatutako arrapaletan zehar, euren trebeziak erakutsi beharko dituzte parte hartzaileek estilo librean.
16:15ean, Kill da spot lehiaketaren txanda helduko da. Bertan, leku edo arrapala konkretu batean, partaide guztien artean egindako trikimailu onenak sarituko dituzte antolatzaileek.
Jarraian, Crap punk-rock taldeak kontzertua eskainiko du. Iazko demo-ko eta Martin Capsularekin grabatu berri dituzten abestiak joko dituzte. Bertako taldekideetako bik skatea praktikatzen dute, eta aukera polita izango dute euren bi zaletasunak leku berean plasmatzeko.
Jaia borobiltzeko, Skate talde-jokoa egingo dute. Taldekideen trikimailuak imitatzean datza. Ondo egiten ez den bakoitzeko letra bat jasotzen da, eta Skate hitza osatzerakoan kanpoan gelditzen da. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak