Ospitale horretako langileen beharren gainean EH Bilduko parlamentari Rebeka Uberak galdera egin zuela legebiltzarrean dio ELAk, eta hari erantzunez Darpon sailburuak erantzun zuela sartu berri diren erizainek "lanean jarraituko" dutela Joint Comission enpresaren auditoretza egin arte, erizainen erregistroak hala eskatzen duen unitateetan. ELAri "eskandaluzko erantzuna" iruditu zaio eta sailburuari eskatu dio ziurtagiri horiekin "propaganda egiteari uzteko", eta baliabideak erabil ditzala gaur egungo lantaldea egonkortzeko eta gehitzeko.
Era berean, osasunarekin zerikusirik ez duen "propaganda kanpaina" jarri duela martxan Osakidetzak dio sindikatuak, eta hain zuzen prozedura judizial bat ireki berri dela "diru publikoa desbideratu izanagatik" propaganda "modu iruzurtian" egiteko.
Ikuskatzaileen lana arindu
Debagoieneko ospitaleko ordezkariek argitu gura izan dute Joint Comission-en oinarritutako "kalitate ezaugarriekin" egiten dutela lan, eta pazienteari ematen zaion arretaren "kalitatea eta segurtasuna hobetzeko" dabiltzala auditoretza egiten. Gaineratu dute, "pazientearen onurarako" den eta nazioarteko ospea duen ziurtagiria dela, eta pertsonala "esfortzu handia" egiten dabilela horretarako: "Batez ere erizainak; izan ere, historia klinikoan eta ikuskapen eta trebakuntza jardueretan erregistro berriak garatzeko lan sakona egiten dabiltza".
Era berean argitu gura izan dute "esfortzu handia" eskatzen duen ikasketa fasea bizi izan dutela, beste "edozein hasierako prozesutan" legez: "Baina etapa hau pasatu ostean lan jarduna hasierako mailara itzultzen da. Horregatik, lan egiteko modu berria bultzatu ahal izateko ikuskatzaileen eguneroko lanak arindu behar izan dira errefortzuen bitartez, eta horiek bukatuko dira auditoretza amaitutakoan".