Hitzarmenaren helburua da erakunde biek batera aritzea eta industriako hari gabeko komunikazioen ikerketan aurrera egitea, izan ere, euskal zentroak eremu horretan sakondu nahi du bere espezializazioa.
Ustez, hari gabeko komunikazioek iraultza ekarriko dute eta gaur egun lantegien eta haietan fabrikatzen diren produktu eta osagaien gainean dagoen ideia aldatzera eramango dute gizartea. IK4-Ikerlanek azaltzen duenez, komunikazio horiek ezinbesteko elementua dira fabrikazio aurreratua eta 4.0 industria izenez ezagutzen dena ezartzeko; izan ere, komunikazio horiekin ekoizpen kateko elementu guztiak elkarrekin lotu ahal izango dira.
Komunikazio horiek fidagarriak eta seguruak izan behar dira, nahiz eta datu kopuru handia garraiatu eta interferentzia ugariko ingurune desegokietan garatu. Datozen bi urteetan (epea luzatu daiteke), Ikerlanek eta TTTEch enpresak elkarrekin egingo dute lan horrelako komunikazio sareen ezarpenean aurrera egiten lagunduko duten garapen teknologiko berriak ikertzen.
Europako Batasunak finantzatuta
Ikerlaneko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok TTTech Computertechnikeko batzorde exekutiboko kide Georg Kopetzek hitzarmen hau izenpetu dute, erakunde bien artean ikertzaileak trukatu eta Europako Batasunak finantzatutako I+G+b-ko proiektuetan batera parte hartzeko bideak aztertzeko asmoarekin.
“Zehazki, hari gabeko komunikazio determinista deituriko eremuan aurrera egiteko egingo dugu lan elkarrekin, komunikazio sistema fidagarrien oinarri baita, eta horietan Ikerlanek gaitasun frogatua eta etorkizunari begirako ahalmen handia du”, azaldu du Caballerok.