EH Bilduren oharra, Arrasateko kirolaren oinarriaz

Xabier Urtzelai 2016ko eka. 16a, 15:47
EH Bildukoek Arrasateko kirol instalazio batzuen egoera txarra salatzeko egindako erretratuak: Hezetasuna tenis pistan, koltxoneta agerian, eta saski bateko konektorea hondatuta.

Jarraian Arrasateko EH Bilduk bidalitako prentsa oharra, Arrasateko kirolaren oinarriaz. Bertan, joan den asteko kirol sarien eta Kirola Kalera ekimenaren gainean hausnartzearekin batera, Arrasateko kirol instalazioen egoeraren gainean, Udalak sustatu beharreko kirol ereduaren gainean eta plan estrategiko baten beharraz egiten dute berba:

"Arrasateko EH Bilduk Kirola Kalera Eguna eta Kirol Sariak ekimenen balorazio positiboa egiten du. Garrantzitsua da kirolariei merezitako errekonozimendua ematea, futbolak dagoeneko nahikoa aitortza duen arren. Garrantzitsua da era berean, herriko kirol eta aukera ezberdinak ezagutaraztea. Baina are garrantzitsuagoa da, herriko kirol eragileei kudeaketa erraztea eta instalazioetan dituzten arazoak konpontzea. Izan ere, kirolaren arloan norabide falta eta kudeaketa arazoa dugu Arrasaten. 

Kudeaketari dagokionez, duela hilabete EH Bilduk taula bat aurkeztu zuen Udaleko Kirol batzordean, herriko zenbait kirolari eta kirol elkarteen eskariekin osatua. Bertan, inbertsio eta mantentze aldetik egin beharreko lanak daude, premiazkoak. Besteak beste, atletismokoen koltxonetak, itoginak, edo aldageletako dutxak. Taula horri jarraipen estua egitea da EH Bilduren konpromisoa. Norabidea zehazteko, gure apustua Udalak bultzatu behar duen kirol eredua argi eta garbi definitzea da.

Dagoeneko aurkeztu dugu gure proposamena Udaletxean. Ondoren, Udal aurrekontuetan ageri den bezala, Kirolaren plan estrategikoa egin beharko litzatekeela uste dugu, atzerapenik gabe. Hori da eskatu duguna bai Kirol Kontseiluan, baita Udaleko Kirol batzordean ere. 

Bestetik, pasa den asteleheneko Goiena TBko Harmailatik saioan, kiroletako zinegotziak esan zuen kirol elkarteek jendea erakartzeko arazoa dutela. Herrian zerbaitek huts egiten duela baina zer den ez dakiela onartuz. Eskua luzatzen diogu egoera horri buelta emateko, azaldutako bi arazoetatik abiatuz eta, betiere, kirola, lehiaketa eta kirol elkarteak baino gehiago dela gogoratuz. Aisialdi hutsa ere ez da, besteak beste osasuna eta hezkuntza ere badelako.

Kirol antolatua sustatzeaz gain, jarduera fisikoa sustatu behar dugu, herritar aktiboak sortuz, kiroldegi barruan eta baita kanpoan ere. Arrasatearron eguneroko bizitza hobetzearen alde gaudelako, EH Bildun oinarritik lan egin behar dela uste dugu eta gainontzeko alderdiak arlo honetan inplikatu eta proposamenak egitera gonbidatzen ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak