2015-2016 denboraldi bikaina egin dute Arrasate Dragoi Gimnasia Taldekoek. Gimnasia erritmikoan zein aerobikean maila paregabea eman dute eta hainbat sari indibidual eta kolektibo pilatu dituzte irailetik hona.
Lortutakoa ospatzeko eta zaletuen babesa eskertzeko, kurtso amaierako erakustaldia antolatu dute biharko. Uarkape frontoian izango da, 11:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da ikusle guztientzat.
Bertan, 5 eta 20 urte bitarteko 120 gimnasta arituko dira, urte osoan zehar landutako ariketak erakusteko prest. Taldeka eta bakarka arituko dira eta pilota, soka, uztaia, mazak edo zinta erabiliko dituzte euren trebeziak erakusteko.
Entrenatzailea pozik
Urtean zehar pilatutako lorpenen zerrenda amaigabea da: Espainiako Aerobik txapelketan bi domina, Euskadiko Aerobik Txapelketan hiru urrezko eta zilar bat, gimnasia erritmikoan Euskadiko infantiletako 3. postua, kadete mailako 2.a eta jubeniletan lortutako lehen postua, besteak beste.
"Urteko balorazioa guztiz positiboa da. Sari ugari lortu ditugu aerobik eta erritmikoan eta txapelketa oso zailetan, gainera. Hala ere, emaitza guztien gainetik, urte osoan zehar neskek izan duten lanerako gaitasuna azpimarratu nahiko nuke. Entrenamenduetan zein txapelketatan euren maila onena eman dute, erabateko konpromisoa erakutsiz" adierazi du Edurne Elkoro entrenatzaileak.