Mikel Gangoiti: "Bidea da helburua, astiro eta gertu bidaiatu ahal izatea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 10a, 12:05
Mikel Gangoiti Biziz enbaxada ibiltarirako bizikleta bereziarekin, Donostian.

Bizikletan bidaiatzeari gustua hartu dio Mikel Gangoitik (Arrasate, 1984). Frantzian, Noruegan eta Iranen ibilitakoa da eta badaki zer den Aretxabaletatik Istanbulera (Turkia) ere bizikletan joatea, bakarrik. Horregatik ezin aproposagoa da harendako Donostia 2016ko Biziz enbaxada ibiltaria. Kaliningradotik (Errusia) Donostiara artekoa da Gangoitiren ibilbidea, ekainaren 13tik irailaren 18ra.

Zertan datza Biziz ekimenak?
Bost ibilbide tematiko jasotzen dituen enbaxada ibiltaria da. Ibilbideak gai ezberdinen arabera daude sailkatuta: komunitatea, arkitektura, gastronomia, bioaniztasuna eta sexualitatea. Azken hori da gurea, arrosa koloreko taldea, eta Kaliningradotik Donostiara arteko ibilbidea egingo duena. 2.846 kilometro egingo ditugu. Kaliningradotik hasi eta Polonia, Txekiar Errepublika, Alemania, Luxenburgo, Belgika eta Frantzia zeharkatuko ditugu.

Zure taldean zenbat lagun daude?
Talde bakoitzean hiru lagun joango gara. Bat komunikatzailea izango da, aldez aurretik Donostia 2016n proiektu bat duena aurkeztuta sexualitatearekin zerikusi duten hainbat esperientzia jasotzeko. Beste biok bizikleta berezi baten joango gara, laguntzaile gisa. Taldekideak ez ditut ezagutzen; bidaiako bigarren erronka bat izango da elkarbizitza bera.  

Bizikleta bereziak dira, ezta?
Motor txiki bat dute eta, inongo kargarik gabe, 60 bat kilo izango dituzte. Ez da bizikleta elektrikoa, baina motor barik ezinezkoa litzateke mugitzea. Jendea eramateko aukera eskaintzen dute eta atzean eramango ditugu gure gauzak. Eta noski, bizikletarendako ordezko piezak ere eramango ditugu, edozein matxura dugula ere gai izan behar gara-eta horiek konpontzeko. Formazioa jaso dugu horretarako; esan daiteke beste bizikleta bat eramango dugula desmuntatuta. Autosufizienteak izan behar gara bidean baina abenturak biziko ditugu, ziur. Horren bila goaz!

Nolakoa da bizikletan bidaiatzea?
Dena gainean eramatearen sentsazioa gustatzen zait, eta bereziki jendearengandik gertu eta astiro pasatzea. Bidaiariaren eta bertakoaren artean sortzen den kimika hori ederra da, ez da lortzen beste modu batera bidaiatuta. Bizikletan zoazenean, bertakoen etxean, lorategian edo eurak eskaini ahal dizuten lekuan egiten duzu lo. Bideaz gozatzera eta ikastera goaz, bidea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak