Ibilgailu klasikoen maitaleentzat topaketa

Xabi Gorostidi 2016ko eka. 10a, 11:41

Goiena Classic Clubek antolaketa, auto klasikoen lehen topaketa antolatu dute domekarako. 25 urtetik gorako auto klasikoez, motor eta bizikletak ere egongo dira ikusgai. Eroski alboko gunean egingo dute, eta giroa alaitzeko txosna eta DJak egongo dira.

Auto eta motorren mundua, etengabe berritzen eta bere burua berrasmatzen duen merkatua da. Hala ere, berritasun berritasun, badago gauzak beste era batera egiten zireneko motorzale ugari.
Urteak joan eta urteak etorri, funtzionatzen jarraitzen duten ibilgailu klasikoen maitaleak, alegia. Beste garai batzuetako estetika eta xarma, erosotasun modernoen aldean nahiago dituztenak, eta 25 urtetik gorako ibilgailu horiek semeak bailiran zaintzen dituztenak. Bailaran dagoen zaletasuna ikusirik, Goiena Classic Clubekoek Auto Klasikoen Topaketa antolatu dute lehen aldiz. Domekan izango da, eta Eroski supermerkatu alboan egingo dute. 09:30 hasiko dira autoak eta motorrak heltzen. "Auto klasikoen topaketa izena jarri arren, 25 urtetik gorako motorrei eta bizikletei ere zabaldu diegu parte hartzeko deia" azaldu du Aitor Lopezek, Goiena  Classic Clubeko kideak.
Giroa berotzeko, gunean bertan DJ-ak eta speaker bat arituko dira, eta bertakoen egarria asetzeko txosna bat jarriko dute.  11:30ak arte ibilgailuak ikusgai egongo dira. Orduan, motorrak piztu eta bira bat egingo dute. Bira eginda, berriz itzuliko dira Eroski alboko gunera, eta sari banaketa eta zozketa egingo dituzte. "Urrunen etorritakoari eta urte gehien duen ibilgailuari sariak emango dizkiegu. Horretaz gain, elkarteko kamisetak eta pegatinak saltzeko postu bat jarriko dugu, eta bertako produktuak zozketatuko ditugu". Horren ostean, bazkaria egingo dute Eroskiko jatetxean.    

Goiena Classic Club

2015eko azaroan sortutako elkartea da. Debagoienean auto klasikoekiko zaletasuna dutenak batzeko, eta elkarrekin gauzak antolatzeko helburuarekin sortu zuten.
"Behin elkartea sortuta, era honetako topaketa bat antolatzea komenigarria zela pentsatu genuen, jendeari gure burua ezagutarazteko. Sare sozialetan lan hori egin dugu aurretik, baina era honetako ekintzekin lortzen da herri mailan ezagutaraztea" adierazi du Aitor Lopezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak