Egun, guztira 7 dira kondena bete duten herritarrak, "baina marko honen erabakiaren ondorioz, espetxean jarraitzen dute. Espetxean eta dispertsatuta", azaldu dute Saretik. Josu Arkauz Arana (Arrasate), Jose Jabier Zabala Elosegi (Hernani), Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea), Santi Arrospide Sarasola (Lasarte), Francisco Mugika Garmendia (Ordizia), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz) eta Iñaki Bilbao Beaskoetxea (Lemoa) dira presoak.
"Sarek Espainiako Estatua salatzen du; legedi hau ez betetzeagatik eta giza eskubideen beste eremu batzuetan ere urraketak etengabe emateagatik. Besteak beste, larriki gaixo dauden presoak ez askatzeagatik, edo dispertsio politika aplikatzeagatik. Ozen eta argi salatu nahi dugu, instantzia ezberdinetara joz honetarako, Espainiako Estatuak etengabe urratzen dituela euskal presoen giza eskubideak. Presoenak, euren senideenak, eta euren ingurune sozial eta afektiboarena", diote.
"Horretarako, gaurtik aurrera marko lokaleko lan plan bat martxan jarri nahi dugu. Hau, aipatutako zazpi euskal herritarren herrietan eramango da aurrera; modu honetan, neurri honek zer esan nahi duen eta euren bizilagunari azaldu nahi diegu herritarrei, egoera sozializatuz", aipatu dute prentsaurrekoan.
Azkenik, "euskal jendartea euskal presoen giza eskubideen alde lan" egiteko deia luzatu su Sarek.