Venezuelaren aurkako "manipulazio politika" salatzeko agerraldia Arrasaten, hilaren 9an

Askapenak elkarretaratzea antolatu du eguenerako, hilak 9, El Diario Vasco komunikabidearen Arrasateko egoitzaren atarian (19:30). Vocento taldeko hedabidea Venezuelaren aurka egiten ari den "intoxikazio eta manipulazio politika" salatzeko agerraldia izango da.

Jarraian Askapena erakundeak kaleratu berri duen oharra osorik:

"Latinoamerikako herriek euren askatasunaren bidean berebiziko une larria bizi dute egun. Izan ere, kontinentearen luze zabalean 15 urte luzeetan aurrekaririk gabeko lorpenak erdietsi ostean, herri hauetako oligarkiek eta inperialismo yanki-europarrak hil ala biziko oldarraldiari ekin diete herri sektoreek bereganatu duten boterea berreskuratzeko desiotan.

Helburu bakarra du fronte guztietan hasitako erasoaldi honek: berriz ere kontinente honetan indar atzerakoi nazional zein nazioartekoen ordena zaharra ezartzea. Gisa honetan, latinoamerikako herriak beste behin ere iparraldearen agindutara makurrarazi nahi dituzte, miseriara kondenatu eta zapalkuntza edo esplotazioa baina ez diete opa. Askapenatik uste dugu, inperialismoak bertan eragiteari utzi ez badio ere une honetan pasa den mendean hasitako burujabetza eta askatasun bidea amildegi batean aurkitzen dela oldarraldiaren ondorioz.

Ingurumari honetan kokatu behar genituzke duela gutxi gertatutako Brazilgo estatu kolpea eta batez ere Venezuelako prozesu bolivariarraren aurkako erasoaldia bera. Izan ere, Venezuelako gobernu zilegiaren aurka abiarazi den gerra fronte anitzeko gerra da: ekonomikoa, mediatikoa, nazioarte mailakoa, kale erasoen bidez lagundua eta paramilitarrek eragina. Azken aldian gainera gogortzen ari da modu beldurgarrian, herritarren eta herriaren ezegonkortasuna ikaragarri areagotuz. Hor kokatzen dugu espainiar indar mediatikoek, Vocento taldeko Diario Vascok kasu, darabilten intoxikazio eta manipulazio politika. Hori salatzera irtengo gara ekainaren 9an.

Inperialismo estatubatuarra eta espainiar faxismoa dira besteak beste, Venezuelaren aurkako kolpearen atzean ditugunak eta amaiera eman nahi lioketenak behin betiko errebeldiaren eta duintasunaren herri honi, hala nola, sozialismoaren eta internazionalismoaren bandera altxa dutenei; burujabetza politiko, eta energetikoa bereganatu duenei; herri sektoreen parte hartzea bermatu duen gobernu honi; Venezuelako herritar apalenei eskubide sozial eta ekonomikoak bermatu dizkietenei... Hitz gutxitan esatearren, inperialismoak azken hamarkadetako agenda eraldatzaile eta antiinperialista bilakatu den motorra deuseztatu nahi luke eta modu honetan hainbeste desio duten bertako petrolio erreserben jaun eta jabe egin.

Honen aurrean, Askapenatik uste dugu, gaur inoiz baino gehiago euskal herri langilea une historiko honek eskatzen duen mailan egon behar genukeela eta modu honetan Venezuelako prozesu bolivariarra babestu beharrean gaudela. Gure egin behar internazionalista da, inperialismo yankie eta batez ere espainiar zein euskal eskuina salatzea, burutzen ari diren kanpaina politiko eta mediatikoa salaketaren jo mugan ezarriz. Prozesu askatzailearen etorkizuna, bere defentsa eta sakontzea herrion askatasun eta burujabetzan sinisten dugun guztion ardura delako, herri bolivariarrak behar gaituelako, eta geuk ere behar dugulako bera garaile.

Utzi bakean Venezuela!
Euskal Herria prozesu bolivariarrarekin!"

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.