Mitin klasikoak alde batera utzita, herritarrei hitza eman dion hitzaldi formatua izan da gaur EH Bilduk Arrasaten antolatutakoa. Jendez inguraturiko oholtza gainera igo da Arnaldo Otegi, alboan honako alderdikideak izan dituelarik: Marian Beitialarringoitia, Iñaki Ostolaza, Iraitz Saez de Egilas, Aitzol Cajaraville eta Nerea Zubia.
Ordu erdiko lau bloketan banatutako ekitaldia izan da. Hasieran, ikusleek hiruzpalau galdera planteatu, eta ondoren, oholtza gainetik erantzunak eman dizkiete koalizioko ordezkariek.
Askotariko gaiak landu dituzte. Eskoziako prozesua, herritarren desilusioa, eredu kooperatiboa, autogestioaren eredugarritasuna, edota prozesu liberatzaileetako kontraesanak, besteak beste.
Arnaldo Otegik "gaur ere entzutera nator hitzekin" hasi du bere interbentzioa. EH Bilduren proiektura jendea batzeko beharra azpimarratu du, horretarako hauen interesak eta beharrak kontuan hartzea ezinbestekoa dela adieraziz. "Gaurkoa azken saioa izan arren, horrelako gehiago egin beharko ditugu etorkizunean". Gehiengoak osatzeko behar horren barruan, arlo nazionalaz gain, arlo soziala kontuan izan behar dela adierazi du.
Erreferentzia asko egin dizkio Arrasateri eta bailarari orokorrean. "Arlo askotan eredugarria izan da bailara hau, herrigintzan, hizkuntza arloan eta arlo ekonomikoan". Zentzu horretan ilusioa berreskuratu eta Arrasate bezalako ikur batean agintea berreskuratzeko beharra nabarmendu du.