Independentistak Sarearen oharra osorik:
"Ekainaren 5a egun seinalatua da arrasatear, debagoiendar eta oro har euskal herritar askorentzat. Guztiok berdin biziko ez dugula, guztiontzat berezia izango ez dela, jakina da. Baina independentistak garenok, euskal estatu propioa eraiki eta bertan bizi nahi dugunok, igande honetan Debagoienean eta Euskal Herriko beste zenbait eskualdetan hitzordu garrantzitsua daukagu.
Alde batetik, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, demokraziaren ariketa, modu ofizialean ez bada ere, praktikan ipintzeko aukera izango dugulako, eta bestetik, Euskal Herriaren independentzia norbanako bezala aukeratu eta aldarrikatuko dugulako ariketa kolektibo honen baitan. Askotariko arrazoiak daude euskal estatuari baietz esateko, ez ditugu guztiak banan-banan zehaztuko, baina hezkuntza, ongizatea,lana, hizkuntza, kultura, aniztasuna, edota berdintasuna bezalako eguneroko gaiak datozkigu burura.
Eta hauek guk erabaki bezala garatu eta gozatzeko, tresna egoki eta duinak behar ditugu. Tresna horietako bat zalantzarik gabe, estatua da. Eta alde handia dago estatua guzti honen mesedetan edo aurka egotearen artean. Euskal Herriaren independentzia nahi dugunok, estatu propioa amestu, irudikatu, eraiki, garatu eta gozatzeko hautua egin nahi dugu, eta bide horretan gure ekarpenak egiten joango gara, zilegitasun osoarekin, beste aukera batzuk daukaten berdinarekin gutxienez.
Orain arte beste batzuk erabaki dute gure partez, eta aurrerantzean ere horretan saiatuko dira. Baina,erabaki handiak erabaki txikiekin ere osatzen direnez, igande honetan Arrasateko gune ezberdinetan, ekainaren 5a egun handia izango dela irudikatuko dugu. Egun handiagoen zain egon gabe, egin dezagun bidea, eta hartu ditzagun egun eta erabaki handietarako ezinbestekoak diren erabaki txikiak".