Talde batzuk izena emanda
Dagoeneko hainbat taldek eman dute izena txapelketan: La Unica, Elorrio, Arrasate eta Bera Berak, baina oraindik hainbat taldek izena emango dutela adierazi dute antolatzaileek. Bestalde, emakumezko sei taldek eman dute txapelketan izena, Euskadikoak talde guztiak: Eibar, Hernani, Getxo, Durango, Gaztedi eta La Unica.
Partidu bakoitzak zazpi minutuko bi zati izango ditu; garaipenak lau puntu eta berdinketak bi puntu balioko du. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetarako txartela jasoko dute, eta partidu hauetan zati bakoitzak hamar minutu iraungo du. ARTko Isei Barbero ordezkariaren esanetan: "Duela urte batzuk zabaleran jokatzen genuen, zelai erdia hartuz, baina hiruzpalau urte dela zelai osoa hartuta jokatzen ditugu partiduak".
Sariak garagardo karpan
Txapelketa amaitzean, talde guztiak Arrasateko plazara hurbilduko dira, 21:00etatik aurrera, eta han sari banaketa egingo da. Sari nagusia, jokalari onenarena… banatu ostean, batera afalduko dute karpan.
Goizean beteranoak
Aurten, gainera, beteranoek ere jokatuko dute Zazpiko Errugbi Txapelketa. Hauek ere Mojategin jokatuko dituzte partiduak, eta, amaitzean, talde guztiek elkarrekin bazkalduko dute Herriko Plazako karpan.