Badator Arrasate Rugby Taldearen 18. Garagardo Azoka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 30a, 10:23

Garagardo karpa Herriko Plazan, artxiboko irudi baten.

Aurten adingabe izateari utziko diote Arrasate Rugby Taldearen Garagardo Azokak eta Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketak. 18 urte beteko ditu aurten arrasatearren artean errotu den ekimenak –ART-ek urteko aurrekontu osoaren zati handiena oinarritzen du azoka honetan–; ekainaren 2tik 4ra izango da. Nazioarteko Zazpinako Txapelketa ekainaren 4an jokatuko da Mojategin, 15:00etatik aurrera. 

Aurtengo azokarako 2.190 litro garagardo eskatu dituzte klub zuri-moreko arduradunek, bost marka ezberdinetakoak. Ohikoa den moduan, garagardoa pitxarretatik edango da aurten ere; dena den, nahi duenak botilatxoak erosteko aukera ere izango du, litro laurdeneko 750 unitate eskatu baitituzte. Edatekoa bakarrik ez, jatekoa ere egongo da, eta kasu honetan kantitate erraldoietan ere: 2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri ukondo eta 140 saltxitxa lata gertu ditu Arrasate Errugbi Taldeak. Edari eta jaki hauek guztiak prestatu eta zerbitzatzeko klubeko kideak ibiliko dira jo eta su lanean Herriko plazako karpan.

Ateen irekiera, ekainaren 2an

Garagardo Azokak eguenean, ekainak 2, irekiko ditu ateak, 18:00etan. Erdiguneko zenbait tabernekin bat eginez, gerturatzen direnek pintxo-potearekin gozatzeko parada izango dute afari ordura arte. Nahi duenak euro baten truke garagardo botila izango du eskuragai, eta horrekin batera patata minak zerbitzatuko dira. Hala ere, urtero legez, karparen irekiera ofiziala Udaleko ordezkari politikoekin batera egingo da.

Era berean, 18:30etik aurrera eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Herriko Plazako karpan herri kirolak burutuko dira: sokatira, zaku-lasterketa, txingak eta artaburuen bilketa. Parte-hartzaileen ekipo bakoitza 8 jokalariez osatuta egongo da, halere, modalitatearen arabera kopuru hori moldatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek. Izen-ematea Mondragon Unibertsitatean edota Arrasate Errugbi Taldean egin beharra dago, eta egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da. Izena ematen dutenen artean hainbat sari banatuko dira, eta txapeldun geratzen den taldeak afaria irabaziko du.

Zazpinako Txapelketa

Ekainaren 4a izango da Garagardo Azokaren egunik potoloena, orduan jokatuko da-eta XVIII. Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa. Aurreko urteetan bezala, partiduak Mojategin izango dira, 15:00etan hasita. Asko jota 12 taldek eman ahalko dute izena, eta parte-hartzaile guztien zerrenda azken ordura arte ez da jakingo. Momentuz, emakumezkoen sei taldek izena eman dutela aurreratu du klub zuri-moreak.

Aurre-faseko partiduek zazpi minutuko bi zati izango dituzte, garaipenek lau puntu balioko dute eta berdinketek bi. Finalerdietarako multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeak sailkatuko dira, eta kanporaketa horietan partiduetako zati bakoitza hamar minutukoa izango da. Sari banaketa 21:00etatik aurrera egingo da Herriko Plazako karpan, eta parte hartzaile guztiek elkarrekin afalduko dute karpan bertan.

Aurten, gainera, goiz partean ere ez da errugbirik faltako, beteranoen zazpinako txapelketa antolatu dute-eta. Kasu honetan ere partiduak Mojategin jokatuko dira, eta izerdia bota ostean talde guztiek elkarrekin bazkalduko dute Herriko plazako karpan. Azpimarratu beharra dago aurten zapatu eguerdian Garagardo Azoka zabalik egongo dela eta, beraz, nahi duenak bertan bazkaldu ahalko duela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak