Lan bikaina egiten ari da Xabi Fernandez 'Purito' Jaraman

Imanol Beloki Unamuno 2016ko mai. 27a, 10:25
Xabier Fernandez 'Purito', Jaramako lasterketan aurreko asteburuan. | Iberiamotor

Xabi Fernandez Purito pilotu arrasatearra lan bikaina egiten ari da Madrilen, San Sebastian de Los Reyesen dagoen Jaramako zirkuituan. Aurten estreinatu berri duen  Seat Leon MK I autoarekin, pole-a lortu zuen, lasterketa bat irabazi eta beste batean bigarren postuan geratu zen aurreko aste bukaeran.

Lehen lasterketan, irteera ezin hobea egin zuen, eta erritmo bikaina mantendu zuen lasterketan zehar. "Bigarren eta hirugarren autoengandik tartea lortu genuen arren, lasterketaren erdialdera moteldu egin ginen arazo mekaniko batengatik; hala eta guztiz, irabazi egin genuen".


Bigarren lasterketan, aldiz, ez zuen irteera onik egin arrasatearrak, postu ugari galduz, eta Maximo Sant Ramo pilotuak aurre hartu zion.  Ezin izan zuen aurreratu, eta, bata bestearen alboan joan arren, lasterketan bigarren postuan geratu zen. Presioa mantendu zuen Purito-k, eta, azken bueltetan freno barik geratuta eta beste pilotuaren autoaren aurka talka txikiak eginez, ondorio larririk gertatu gabe, ezin izan zuen garaipena lortu. Hala ere, oso pozik geratu zen egindako lan onagatik, eta batutako puntuengatik.
Gainera, adierazi du txapelketako autoen artean ez dagoela diferentzia handirik: "Lehia oso polita izaten da, auto guztiek berdin korritzen dutelako."

Debuteko bidea jarraituz

Aurreko aste bukaeran lan oso ona egin zuen pilotu arrasatearrak, baina bere debuta ere, apirilaren 9an egindakoa, ezin hobea izan zen. Trofeo Race lasterketan pole-position-a lortu zuen, egindako bi lasterketetan lehen postua eskuratuta. Bere lehen aldia izan zen Jaramako zirkuituan, eta, hala hasita, bide onetik ari da Xabier Fernandez pilotua, emaitza bikainak lortzen. Gainera, debagoiendar ugari joan dira orain arte mekanikari lanak egitera eta pilotuari laguntza ematera. Hala, "jendearen babesa ezinbestekoa da; bai babesleena, eta bai lagunena. Azpiegitura aldetik laguntza behar izaten da eta alde horretatik ezin naiz kexatu", adierazi du pilotuak.

Bestalde, Purito-k adierazi du txapelketan parte hartzen duten beste pilotu gehienak talde pribatuetan lehiatzen direla, eta "lan zikina" taldeak egiten duela, pilotua gidatzeaz arduratuz soilik. Bere kasuan, aldiz, aste batzuk lehenago auto guztia prestatu, garraiatu, behar dena konpondu… egin behar izaten dute. "Horrek pilotuarendako asko suposatzen du. Izan ere, kasu honetan pilotua ez da bakarrik gidatzeaz arduratzen, gauza asko eduki behar izaten ditu buruan".

Hurrengo erronka

Datorren urtera begira, beste pilotu batekin batera, Espainiako erresistentzia txapelketa (CER) egitea pentsatuta duela adierazi du Purito-k, baina oraindik erabaki barik dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak