IK4-Ikerlanek 19,4 milioi euroko sarrerak izan zituen 2015ean, aurreko urtean baino %9 gehiago

Leire Kortabarria 2016ko mai. 21a, 08:00
IK4-Ikerlanen batzar orokorrean parte hartu duten ordezkari batzuk.

IK4-Ikerlan zentro teknologikoak 19,4 milioi euroko diru sarrerak izan zituen pasa den urtean, aurreko urtean baino %9 gehiago. Urteko diru sarrera guztietatik %56 (hau da, 10,9 milioi euro) enpresekin batera garatutako I+G+Bko jardueretatik etorri zen, eta %39 (7,6 milioi euro), berriz, zentroak berak hainbat administrazioren finantzaketarekin egindako ikerketetatik.

Datu horiek eguen arratsaldean Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean egin duen Batzar Nagusian aurkeztu zituen erakundeak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakunde, enpresa eta kideren ordezkariak aurrean zirela.

Ikerlanen ustez, bereziki garrantzitsua da enpresekiko kontratuetatik datozen diru sarrerak handitu izana: “Partida honen igoerak oso harro sentiarazten gaitu, izan ere, ondo erakusten du gai izan garela gure bezeroen leialtasunari eusteko, baita garai konplexuenetan ere”, adierazi zuen zentroko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok.

2015eko balantzean emaitza positiboa dute, baita ere, administrazio publikoetatik datozen sarrerek (Eusko Jaurlaritza, Europako Batasuna eta Estatuko Administrazio Orokorra, batez ere). “Proiektu hauei esker, abangoardiako ezagutzak eskuratu eta sortu ditzakegu, industriaren sektorerako balio erantsi handiko berrikuntzak sortzeko”, azpimarratu zuen Caballerok.

Zentroak aurreikusten du jarduera ekonomikoaren hobekuntza hau 2016an zehar sendotuko dela, lehen hiruhilekoko emaitzek adierazten dutenez.

44 proiektutan parte hartu zuen 2015ean

Azken ekitaldian zehar, Ikerlanek 44 ikerketa proiektutan parte hartu zuen (aurreko ekitaldian baino sei proiektu gehiago), eta horien artean zentroak gidatutako hiru proiektu europar daude  (Multipartes, Batteries 2020 eta Angelab). Horrez gain, ikertzaileek 36 artikulu zientifiko argitaratu zituzten eta hainbat kongresutan 52 hitzaldi egin zituzten. Bestalde, pasa den ekitaldian 38 doktoretza tesi egon ziren martxan, eta horietatik hiru aurkeztu egin ziren, eta beste zazpi tesi berriri eman zitzaien hasiera.
Zentroak, bestalde, nazioartean duen lankideen sarea handitu zuen, hiru unibertsitaterekin hitzarmenak izenpetuta (Oviedoko unibertsitatea, Zuricheko ETHa (Suitza) eta KU Leuven (Belgika).

Datozen lau urteotan, 10 milioiko inbertsioa

Ekitaldi honetan bertan, erakundeak Ikerlan2020 bere plan estrategiko berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, datozen lau urteetan zentroaren jarduera gidatuko baitu. Euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementu bihurtu eta posizio hori indartzeko asmoarekin, Ikerlanek 10 milioi euro inbertituko ditu azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko eta bere lan taldea indartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak