Egitarauari dagokionez, urteroko plana mantenduko dute:
11:00 Jai hasiera adierazteko kalejira eta suziri jaurtiketa
12:30 Herri-meza San Juan Bataiatzailearen elizan
13:30 Garibai kaletik kiroldegira joango den autobusaren irteera
14:00 Bazkaria kiroldegi kanpoko aparkalekuan
16:00 Adinez nagusienak diren emakumeari eta gizonari sari banaketa. Ondoren, dantzaldia eta sari berezien zozketa.
"Harro" 50. urtez eguna antolatzeaz
Hamaika dira urte osoan zehar SUDC elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak eta biharko Erretiratuen Eguna izango da horren beste adibide bat. Elkarteen elkarteak –gaur egun herriko elkarte gastronomiko ia guztiak batzen ditu, 23 inguru– 50 urte egin ditu aurten: "Omenaldia egiteko dagoen batzorde antolatzailea harro dago funtzio hau aurrera eramateagatik. Lan handia suposatzen du baina, helburua ikusita, gustura egiten dugu. Erretiratuei eskertu behar diegu urteetan zehar egindako lana; gure herrian egindako ahaleginak, dedikazioa... Denok ezagutzen ditugu lorpenak".
Aurten 750 lagundik gora elkartuko dira eta antolatzaileek ezin dute aurreratu oraindik zeintzuk izango diren amaieran omenduko dituztenak: "Osasun arazoren bategatik, eguraldiagatik... Agian azken orduan ez dira agertzen eta horregatik ez dugu izenik ematen aldez aurretik", adierazi du antolakuntzako Andoni Altzelaik. Prestaketetarako, 08:00etan elkarte bakoitzeko bi kide elkartzen dira mahaiak eta bestelakoak muntatzeko, eta ondoren catering enpresa batek ematen die bazkaltzen erretiratuei, betiere SUDCekoen laguntzarekin.
Kiroldegiko aparkalekuan
Adikzioaren legeak kiroldegi barruan alkohola edan eta erretzea galarazten duela-eta, aurten erabaki dute Erretiratuen Eguneko bazkaria kiroldegi kanpoko aparkalekuan egitea. Karpa handi bat jarriko duten arren, espero dute eguraldiak laguntzea: "Euria eta hotza egiten badu adineko jendea deseroso egon daiteke...", dio Altzelaik. Hala ere, aldaketari begira baikorrak dira: "2016ko ospakizunak 2015ekoa gaindituko duen ziurtasun osoa dugu". Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman dizkie Udalari eta eguna antolatzea posible egiten duten enpresa guztiei.